Gazteleraren errepetidoreak

Erabiltzailearen aurpegia Imanol Artola 'felix' 2018ko uzt. 20a, 08:49
IƱaki Artola, tartean izan da gaurko HIGAko hitzaldietan. IMANOL ARTOLA

Azken eguna amaitzen ari gara, afaldu berritan eta euskal dantzen ikastaroa tartean, besteak garagardoa edaten eta ni zuekiko zorrak kitatu nahian.

Gaur Iñaki Artola izan dugu gurean, Kepa Matxain eta Aneguriarekin batera. Euskara bizi duten hiru, euskara bizitzeko hiru modu eta hiru eredu. Ezin baita diskurtso bakarra eraiki, ezin baita diskurtso bera erabili Amezketan eta Bilbon.

Eta ondoren Jon Sarasua. Beste behin, latza izan da hitzaldia baina gauza batekin nator gaur, Tolosaldekoentzako etxeko lanekin. Whatsapp, Facebook, Instragram eta horrelakoetan joera izaten dugu gustatzen zaizkigun esaldiak partekatzekoa. Esaldiak guregana heltzen dira eta guk errepetidore funtzioa betez, gehiago hedatzen ditugu. Baina, zein hizkuntzatan?

Amets egiteko, informatiboak entzuteko eta haurrekin jolasteko balio badu, esaldi horien esanahia transmititzeko ere balioko du euskarak, ezta? XXI. mendean hizkuntzak funtzio berriak hartu ditu eta euskarak ere bete ditzake funtzio horiek. Baldin gaur egunean parkean daudenek euskaraz egitea nahi badugu, euskarak beraien gustuko funtzioetarako balio behar du. Euskarak modernoa izan behar du eta horretarako mugikorretan ere egon behar du.

Esaldi esanguratsuak, dibertigarriak, memeak, eta abarrak euskaratu genitzake. Arnasguneetako jendea eredu den bezala telebistan, eredu izan behar gara mugikorren erabileran ere. Gustuko esaldiak euskaratuta hedatzea garrantzitsua da, eskolako testu-liburuak euskaraz izatea bezain garrantzitsua.

Izan ere, euskaldun oso izateko, gure egunerokoan euskarak kalean, etxean, lanean eta lagunartean bezala, mugikorretan ere egon behar du. Eta kalean ahal dela euskara hedatzea erabaki duenak, zergatik mugikorretan gazteleraren errepetidore lanak egin?

Beraz, badakizue: hemendik aurrera zerbait konpartitu aurretik, hartu bi minutu eta euskaratuta bidali!

Muxu eta estutu mordoa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!