Bortxatzailea lagundu nahi nuke

Erabiltzailearen aurpegia Imanol Artola 'felix' 2018ko mai. 20a, 21:21

Badator felix bere titular probokatzaileekin. Badakit zoru irristakorrean noala sartzera, baina manada izebergaren punta da eta niri izebergaren ezkutuko aldea interesatzen zait.

Manadakoak dianan jar genitzake eta kritikatu nik ere konpartitu dut bost horien argazkia beraien ekintza salatuz, edo sakonera joan gaitezke eta saiatu ulertzen gizon batek nolatan pentsa dezakeen emakumea nahieran erabil dezakeela. Egindakoa gaitzetsiz eta justifikatu gabe, bortxatzailea lagundu nahi dut, berriz horrelakorik egin ez dezan. Izan ere, hori egiten duena gaixo dago. Bestela ezin da ulertu.

Ezerezetik ez da ezer sortzen, denak du bere jatorria. Eta nondik dator bortxatzailearen bortxatzaile sena? Gizarte matxista eta heteropatriarkalean bizi garelako noa izebergaren beheko aldera. Bortxatzailea ulertu nahi dut bera ere sistema honen biktima delako noski, bortxatua bortxatzailea baino are biktimagoa dela aitortuz. Kontua ez da 9 edo 50 urte, baizik konturatzea zer min eragin duten eta berriro ez egitea. Eta zoritxarrez, oraindik ez dira konturatu.

Oso erraza da norbait dianan jarri eta haren kontra joatea. Baina Iruñean gertatua izebergaren punta da. Ez dut beste manifestazio batera joan nahi, ez dut beste bortxaketarik nahi. Horregatik, gizonezkook benetan hausnartu behar dugu zer gertatzen ari zaigun eta konturatzean, emakumeekin batera gizarte hau sustraietatik aldatzen saiatu behar gara.

Beraz, diana seinalatu bai eta izebergaren punta kritikatu ere bai, baina izebergaren azpikoa ulertu behar da, izeberga apurtzeko (askotan sentsazioa baitut komunikabideek nahita jartzen dizkigutela dianak, guk horra begira dezagun, eta bitartean arazoak bere horretan jarrai dezan).

Gizon guztioi gure emozioak entzuteko eskatu nahi dizuet eta analizatzeko, eta horiek nola kudeatu hausnartzeko. Hortik soilik irits gaitezke manifestazio gehiagoren beharrik ez izatera! Eta denok lagundu behar diogu alboko gaixoari, gaixo dagoela ikus dezan eta nola jokatu behar (ez) duen ikus dezan.

Badugu lana horratio!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!