Asko miresten dudan lagun baten esaldiak honela dio: «Denek hitz egiten dute haurrentzako planeta hobe bat uzteaz; baina zergatik ez da hitz egiten planetari haur hobeak uzteaz?». Saiatu zaitez zure eta ingurukoen haurrengan bibrazio onak uzten, eta ikusiko duzu nola mundua berez hobetuko den.
Urte berriari ezin zaio ezer eskatu. Guk ematen diogunaren heinean zabal dezake ordea. Urtea instrumentu bat da, ez da berez ezer. Eta instrumentua ezin da subjektu bilakatu (hau da, urteak ez badu intentziorik, nik ezin diot urteari txintxo portatzeko eskatu). Instrumentua horixe da, gauza bat lortzeko darabilzun erreminta.
Alor guztietan aplika genezake teoria hau. Gazte batzuentzat euskarak ez omen du balio, ez omen behar bezain modernoa. Nonbait euskarak zerbait zorko balie bezala. Lazkao Txikiren esaldia datorkit burura:
- Hi Joxe Migel, zer egin behar diagu euskararen alde? galdetu zioten.
- Zer egingo diagu, ba? Hitz egin, motel, hitz egin!
Eta azken adibidea jartze aldera: argaldu nahi duenak edo kirolean markak hobetu nahi dituenak, gorputzari eskatu egiten dio. Baina, hobe luke gorputzari behar duena ematea.
Azken batean, lehengoek aski ongi zekiten bezala (horregatik heldu da gureganaino esaera zahar hau, izatez delako jakintsua): «Ereiten duguna jasotzen dugu». Beraz, ez kexatu daukazunarekin eta zuk jakingo duzu zer egin urte berriarekin!