Desordena apur bat gehiago, mesedez!

Erabiltzailearen aurpegia Imanol Artola Arretxe, 'felix' 2017ko urriaren 29a

Gizarte atomizatu batean bizi gara. Zer esan nahi dudan honekin? Bada, gure denbora eta gure espazioa zati txikitan egiten dugula eta denbora eta leku bakoitza ekintza zehatz bati eskaintzen diogula: kiroldegira autoz goaz, astean zehar ezin da mozkortu, terrazetan ezin da baloiarekin jolastu, herriaren alde lan egiteko udaletxeak daude eta ez herritarrak, zaharrak zahar-etxera, hildakoak tanatorioetara, gaixoak ospitalera, heziketa eskolan gauzatzen da, etab luze bat.

Gaur egunean zehar-lerro hitza hain modan dagoenean, eta gazteak ekintzailea izan behar duela esaten dugunean, lanpostu batean bizitza osoan ez garela jardungo dakigunean eta lanpostuak geroz eta hauskorragoak direnean, inoiz baino inutilagoak gara eta ekintza zehatz batzuk baino ez dakizkigu egiten. Ez dakigu poltsikoko multiusosa erabiltzen.

Eta uste dugu termino soziologiko, zientifiko eta ingeniaritzako bi hitz dakizkigulako lehengo jakintza baino hobea daukagula. Zeinek eta guk: barazkien, zuhaitzen eta animalien jakintza galdu dugunok; gaixotasuna eta heriotza etxean bizi ez dugunok; etxeko manitasak izateari uzten ari garenok; besteekin harremanak izateari utzi eta zerbitzuak erostera mugatzen garenok.

Dena desordenatuagoa zeneko garaiak nahi nituzke. Norberaren bizitza markatuago egon arren, norberak ofizio gehiago zitueneko garai haiek, elkarren laguntza gehiago behar zeneko garai haiek.

Krisiaren zain geratzen naiz, gizarte hura itzuliko didalakoan…

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!