Baina, egunak 24 ordu ditu. Zortzi lanean pasatzen ditut (gutxienez), beste zortzi lotan eta azken zortzitan etxeko lanak, jan, kirola egin, lagunekin egon, ikasi, etab... gauza egin nahi izaten ditut. Baina, horrez gain, baita gizarte konpromisoko gauzak ere. Zorionez, nire lanak militantzia du oinarrian, halere ez naiz egin nahiko nituzkeen gauza guztiak egitera heltzen. Mugak ditut. Eta saiatzen naiz lanetik eta lo orduetatik kanpoko beste zortzi orduak gizarte konpromisora ahalik eta gehien bideratzen (baita loari denbora kentzen ere), baina tarteka gorputzak nahikoa dela esan ohi dit.
Eta une horretan, nire buruarentzat denbora hartzen hasten naiz. Munduan hainbeste gauza egiteko eta nik gauza bakarra erabaki ohi dut: ezer ez egitea.
Penduluak alde batera asko egiteak, bestaldera ere asko igotzea esan nahi duelako. Eta ni lehen esan bezala mugatua naiz. Nire esku dagoena baino ezin dut. Beti egin nezake gehiago. Azkenean, ezer ez egiten amaitzen dut.
Beraz, nire gomendioa: jarraitu zure buruari eta aldamenekoari gehiago exijitzen (egin behar da, horretarako gaude) eta erroskatik pasatzen bazarete, lasai hartu denbora ezer ez egiteko. Halere, hobe da neurria hartzen jakitea. Nire amak dioen bezala: «Jakin hurrengo egunean nola egongo zaren eta zergatik edan zenuen hainbeste bezperan».
Azken oharra: Okerragoa litzateke alkoholismoan erori eta nekerik ez sentitzea. Egunero ekintza behar izatea.