Talai beti alai

Erabiltzailearen aurpegia Imanol Artola Arretxe, 'felix' 2017ko otsailaren 19a

Goizeko zazpi eta erdiak. Iratzargailua. Bezperako alkohol zaporea ezpainetan eta hiru orduko loarekin, dutxara begiak zabaldu ere egin gabe.

Dutxaren ostean, galtzak, alkandora, gerrikoa, lepokoa, galtzerdiak, abarkak eta txapela jantzi eta amak prestatutako zukua eta kafea korrika eta presaka edan ostean, plazara.

Hantxe daude batzuk jada. Berriren bat ere gerturatu da. Ah ez, bat baino gehiago. Lotsatuta eta isilik daude, oraindik. Soltatuko dira. Nire anaia azaldu da jarraian amatxok prestatutako termo eta guzti. Kafea. Anisa ere ez dadila falta. Eta pastak. Ahoko alkohol zaporea anis zapore bilakatu da eta barrua berotu ostean bagoaz furgonetan denok Zugastibarrenera. Roxik urtero bezala egin digu arrera beroa eta urtero bezala oroitu ditugu aspaldiko Talaitako kontuak, Iker aitzaki hartuta. Begiak gorrituta batzuk Bedaio aldera eta besteak San Martinetik Iparren amaitu dugu eguna, tripa ondo beteta eta Talai dantzaren bertsio berritua asmatuz. Hori izango da biharko egunak emango duenaren kronika laburtua.

Igandea ere antzeko hasiko dugu plazan elkartu eta anisez barrua berotu ostean, Sakelara eta Petxunera. Bi taldeak Zubillagan elkartu eta Auzoetxera noiz helduko desiratzen. Handik aurrerakoak... sarri hobe izaten da ez kontatu. Aurten herrian geratuko gara, ez gara Larraitzera joango, baina hargatik ez gara garaiz ibiliko. Urtero luzatzen zaigu kontua.

Eta astelehenean Zalbide sagardotegira. Ikustekoa izango da bakoitza nola jantzita agertuko den!
Otsailaren 25ean ere egin beharko dugu esnatzeko ahalegina.

Eta nahi duenak badaki, otsailaren 25 eta 26ean, 08:00etan plazan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!