ataria.eus

Jolasa gailendu zen jokoaren gainetik

Erabiltzailearen aurpegia kultura

Igande arratsaldean ospatu zen Gipuzkoako Herriartekoaren lehen kanporaketan, Tolosaldearen (26+) eta Debagoienaren arteko bertso saioa, Anoetako Kuku Elkartean. Bazkariaren ostean, 75 lagunetik gora elkartu ziren bertan eta giro bikainean igaro zuten igande arratsaldea.

Hasierako agurrean, Anoetako Izeba Pilarren Ilobak (IPI) taldearen kantuaren bertsioa eskaini zuten Txomin Azpirozek, Adur Gorostidik eta Iñigo Gorostarzuk, gitarra elektriko eta guzti. Debagoienako Haizea eta Oihana Arana ahizpek eta Marixe Ruiz de Austrik bi doinu erabili zituzten: lehena, Anoeta herriaz hitz egiteko, Anoeta estadioa zela uste zutela adibidez, eta bigarrena, "Askok irudipena du", jendeak beraiengandik espero dezakeenaz eta umorez.

Oier Urkolak jarritako gaietan ez zen falta izan aktualitatea eta umorea: Giltzarriaren galdeketa, hegazkinera lehen aldiz igoko diren pilotua eta bidaiaria, aurreko asteburuko sokatirako tirabirak... jendeak gustura pasatu zuen. Kontuan izan behar da Arana ahizpek hamabost urte besterik ez dituztela eta Marixek hemezortzi. Jendeak beraiekin bat egin zuen lehen unetik eta ez zitzaien animorik falta.

Puntu erantzunetan Marixe eta Iñigo jardun ziren, ondo biak ala biak, sagardotegiaz eta eskiatzeaz kantuan, hurrenez hurren. Bakarkakoan berriz, Adurrek udalekuetara joan nahi duen bere 13 urteko semeari kantatutako bertsoak apartak izan ziren: "Bizitza ezin da beldur batean / oinarriturikan bizi" eta "orain ez bada gero bizitzai / aurre egin beharko dio" amaierekin.

Halere, Oihana Aranaren bakarkakoak are eta txalo gehiago jaso zituen: "haurdun geratzeko hautua egina duzu. Lan eskaintza bat jaso berri duzu eta oraintxe zoaz arduradunarekin hitz egitera" gaiari, benetako emakume heldu batek bezala kantatu baitzion. "Ezin naiz izan soldata baten/ ta umetxo baten ama" eta "ta ama langile ez badute nahi / izorratu daitezela" amaitu zituen bi bertsoak.

Txomin eta Haizea jardun ziren hamarreko handian elkarri oinak emanda. Irudimena gora eta behera eta estutasun batekin baina, saio alaia egin zuten.

Amaitzeko kopletan ez zen barrerik eta umorerik falta. Debagoienan trenik egon ez eta inauterietan gaupasaz etxera bueltan treneko txartelik gabe trenean doazen gazteen paperean kantatu zuten oso fin eta Tolosaldeakoak berriz, azterketa suspenditu dien irakasleari mendekua prestatzen jardun ziren.
Amaieran 26+ hamalau, Debagoiena hamar. Bi talde horiekin Donostialdea eta Azpeitiko taldea daude, eta beraz, martxoaren 3an joan beharko dute Tolosaldekoek Azpeitiara.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa