Jainkoa ikusteaz (edo egunerokotasunen edertasunaz)

Erabiltzailearen aurpegia Imanol Artola Arretxe, 'felix' 2016ko azaroaren 6a

Loiolako San Inaziok zioen, behin erreka bazterrean bizipen mistiko bat izan zuela: gauzak ordura arte ez bezala ikusi zituela, dena berria zitzaiola une batez. Comte-Sponvillek berriz: ezer eza sentitu zuen behin. Ezereza eta dena aldi berean. Ez zen irudipen bat, egia ikusi zuten.

Bizipen mistikoa, naturarekiko kontaktu bitarte-gabea (edo berehalakoa). Badenarekin bat egitea. Oroa sentitzea edo Jainkoa ikustea. Deitu nahi bezala.

Horretarako irekita egotea beharrezkoa da. Bizitza bizitzeko bi mota daude: bata, helburuak jarri eta horiek lortzean zentratzea, lasterketa batean bezala; eta bestea, bizitzak eskaintzen kontenplatzea, mendira paseoan joatea bezala.

Bizitzan paseatzen jakin behar dugu. Lasai, soseguz eta kontenplatuz bizitzen. Egunero ikusten ditugu txoriak, entzuten beraien kantuak, ikusten erortzen hostoak, dastatzen zaporeak, ikusten basoak, entzuten erreka. Etengabe datorkigu informazioa bost zentzumenen bidez eta horri arreta jartzen badiogu eta besoak zabal, irekita bagaude gertatzen dena jasotzeko, bizipen mistiko batetik gertuago izango gara.

Bila dabilenak ez du aurkitzen, ez baitago sosegatuta.

Azken urtebetean ez dut sosegurik izan, eta nabari dut. Berriz, hasi naiz ezer egin gabe egoten ikasten. Kontenplatzen. Ezertan zentratu gabe, begirada puntu batean jarri beharrean, guztiari begira, egonean, etorri datorrenari ongietorria emanez.

Baden guztia da. Da. Eta den hori aldatu baino, hobe dugu den horretan kontenplatzea.

Zu bazara. Zara. Mugitu beharrik gabe. Zara. Bazara. Beraz, zertarako mugitu? Zertarako ernegatu. Utzi aldizkaria, itxi begiak. Zara. Bazara.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!