Tontoa haiz, Felix!

Erabiltzailearen aurpegia Imanol Artola Arretxe, 'felix' 2016ko irailaren 11

Sarri entzun behar izan dut esaldi hori: «Tontoa haiz». Lehengo astean azken aldiz, gose zen batekin supermerkatura sartu eta 32,51 euroko erosketa egin niolako. Nonbait, gehiegi da batzuentzat.

Umeekin nagoenean ere sarri hartzen nau jendeak tontotzat. Ez diet autoritate gehiegi jartzen. Baliteke haurrek niri kasurik ez egitea, aurpegira barre egitea, eta zer? Eta herrian zenbat ordaindu gabeko lan, zenbat izerdi, zenbat mesede. «Gaztea haiz. Espabilatuko haiz!» esaten didate helduagoek, tontoa ez deitzearren.

Ni tonto deitzen nauten horiei jendeak aurpegira barre egiteak izorratzen die. Nonbait ohorea garestiegi dago merkatuan!!!

Jendeak ez du mesedea musu-truk egiten. Beti espero du zerbait bueltan. Jendea ez da altruista. Bestela ez lidakete tonto deituko.

Ni ere ez naiz altruista, lasai. Baina, niri tonto deitzen didan altruista-usteko asko dago. Bai, agian nik emandako diruarekin arropa beharrean zigarroak erosiko zituen. Hala bada, alferrik eman diodala pentsa nezake, baina nor naiz ni bere jarrera epaitzeko, ostegunero pintxo potean diru gehiago gastatzen badut. Uste al duzu ba zure poltsikoaren pisua egindako merituen araberakoa dela?

Nik argi daukat: debaldeko lan asko egin dudan arren, merezi baino askoz diru gehiago daukat. Lotsa sentitzen dut kartilla begiratzen dudanean.

Eta jakizu, hobe dela engainatzen zaituen bati dirua ematea, engainatzen zaituela uste izan eta beharrean dagoen bati ezer ez ematea baino.

Nahiago dut tontoa izan, errezeloz bizi baino.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!