Ni banaiz nor (II): Eskaintza behartua

Erabiltzailearen aurpegia Imanol Artola Arretxe, 'felix' 2016ko urtarrilaren 24a

Aurreko zutabean hitz egin genuen, pertsonak erabilgarri sentitu behar izaten duela. Bestearentzako erabilgarri izatea garrantzitsua dela auto-estimarako.

Hain da garrantzitsua erabilgarri sentitzea, ze, mesedea obligazio bilakatzen baita sarri. Besteari zerbait eskaintzen diogunean, sarritan ez dakigu ezezko erantzuna jasotzen.

Baina, eskaintza benetako eskaintza bada, besteak erabakiko du hartu ala ez hartu. Guk maitasun guztiarekin eskaini diogu, baina, besteak maitasun guztiarekin hartu beharko luke, edo bestela, ez luke hartu behar. Eskaintza, maitasun keinua baita.

Gaur egunean ez dakigu ezezko erantzuna jasotzen, ordea. Irudiaren eta itxuraren gizartean bizi garenez, garrantzitsuagoa da sentitzen duguna barruan gorde eta bestearekin ongi geratzeagatik, ez-garenaren itxura ematea. Garrantzitsuagoa da benetan maitatzea baino, maite dugunaren itxura ematea.

Eskaintza, sarri, demostrazio bilakatzen da. Eskaintzarekin zenbat balio dugun erakutsi nahi izaten dugu. Baina, nik erakutsi BEHARRA sentitzen badut, ez naiz guztiz pertsona osoa eta hutsune hori betetzeko eskaintzen dut; emanez, jasoko dudalako.

Egiazki, hori baino gauza ederragorik apenas dago: emanez jaso. Eta berdin du beharragatik ala (soilik) nahi duzulako eskaintzen duzun, berdin du eskaintzean pertsona oso zaren ala ez-oso. Onartu behar duzuna, bestea aske dela proposamena onartzeko, ala ez onartzeko.

Eta agian keinua eskertuko du, baina ez du behar. Eskaintzetan ez baita garrantzitsuena zer eskaintzen den edo onartzen ote duen; baizik eta, 1) eskaintzearen keinua; 2) hartzaileak keinua sentitzea eta 3) hartzaileak keinuari erantzutea. Hau da, garrantzitsuena komunikazioa da.

Eta komunikazioa badago, maitasuna ere, gertu ibiliko da.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!