Zoriontasuna (IV): Akzidentalaren balioa

Erabiltzailearen aurpegia Imanol Artola Arretxe, 'felix' 2015eko ekainaren 20a

Aurreko zutabean esan nuen, EZER EZa garela. Pertsona bati nor den galdetzen zaionean, bere identitateari buruz hitz egiten du: nazioa, lurraldea, hizkuntza, sexua, adina, ohiturak, itxura fisikoa, balentriak, ametsak, frakasoak… horrekin identifikatzen gara.

Baina, hori guztia akzidentala da. Daukagun guztia emana da. Bazitekeen horrela ez izatea, beste modu batera izatea. Eta, denborarekin aldatu egingo da.

Udalekuetan banuen bere edertasunaz asko kezkatzen zen gaztetxo bat. Nik esan nion denborarekin aldatu egiten garela, edertasuna ez dela betirako, eta beraz, ez emateko garrantzirik. Berak ordea «horregatik, felix, horregatik» erantzun zidan «daukadan artean balora dezadan ederra naizela!». Arrazoia eman nion.

Baina, lur oso irristakorra da identitatearena. Kasualitatea da guk gorputz hau, hizkuntza hau eta balore hauek izatea, eta beraz, eskertu egin behar ditugu, eman egin zaizkigulako. Eta zaindu egin behar ditugu, ez dira-eta gureak.

Halere, ezin gara gehiegi identifikatu, egunen batean ihes egin dezakete-eta. Eta gizakiak, joera naturalez, aldakorra eta iheskorra den guztia, aldagaitza eta estatikoa bilakatu nahi izaten du. Mugimendua naturala da. Dena etengabeko isurian dago (Heraklito). Eta guk, egin dezakegun gauza bakarra, hori onartzea nahi. Parean daukagun bitartean, aprobetxatu, baina jakinda, iheskorra dela. Kontziente izanez, aprobetxatzeak ez duela esan nahi xahutzea eta birrintzea. Gure paretik pasako da, eta guri ihes egingo digu, baina beste batengana joango da.

Identifikatzen garen ezer benetan gurea ez denez, hobeto zaindu beharko genuke: erabili eta bere lekuan utzi, txikitan erakutsi ziguten bezala.

Horrela, besteei mundu hobe bat utziko diegu. Baina batez ere, falta zaigunean EZ dugu hainbeste SUFRITUKO.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!