Zoriontasuna (III): Iluna denerako

Erabiltzailearen aurpegia Imanol Artola 'felix' 2015ko mai. 17a, 10:59

Zoriontasunaz ari naiz azken aldian. Gure zoriontasuna ez dagoela daukagun eta ez daukagun gauzetan, gure barnean baizik. Kanpoko gertaerek soilik kolorea argitu ala ilundu egiten dutela.

Diru-sarrerarik gabe eta hilabete amaierara ozta-ozta heltzen denak, edo familiar bat galdu berri duenak, edo gaixotasun gogor bat duenak barre egingo zuen aurreneko esaldi horrekin (barre, negar ez egiteagatik).

Nola irten ilunetik? Ilunak kolore guztiak jan ditzake, baita gure zoriontasuna ere. Baina, norberaren kolorea ez da inoiz galtzen. Askotan iluntasunean ez dugu ikusten eta beltz dela iruditzen zaigu. Baina oker gabiltza, soilik gela ilunean sartu da pertsona koloretsua, gelatik ateratzean dago gakoa.

Zer egin behar da desgrazia baten aurrean? Askotan entzuten da: «Ez gara ezer!». Bada, horixe da egin behar duguna, ezer ez garela ohartzea. Gizakiaren txikitasunaz ohartzea: ez zara ezer.

Guztia gal dezakegu: izena alda diezagukete, familia aldatu (edo hil), erbesteratu, beste hizkuntza bat gainezarri eta euskara galdu, eskuak gal ditzakegu, hankak, ilea eta hortzak. Lortu duzun titulazioa, eta bikotekidea. Beraz, hori guztia gal badezakezu, ZU EZ ZARA HORI. Hori guztia, akzidentala da (izan zitekeen horrela, edo beste modu batera).

Eta zer geratzen zaigu? Ezer ez. Ezer ez eta dena, aldi berean.

Ilunpean bazaude, errealitateaz ohartzea duzu onena. Hasteko, triste bazaude, triste zaude. Eta ez ahalegindu pozik egoten. Sentitu zaren hori. Sentitu barrenean daukazun hutsunea. Sentitu, zu, hutsunea zarela. Ez egin kontra zarenari. Eta zure tristurari aurka egiteari uzten diozunean, barrena lasaituko zaizu.

«Nigan bada zuretzat egina iluna denerako aterpea». (Benito Lertxundi).

Eutsi goiari!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!