Inauteriak 2015. Prestaketak

Badatoz Talaiak!!!

Erabiltzailearen aurpegia Imanol Artola Arretxe, 'felix' 2015eko otsailaren 8a

Talaiek asko esan nahi dute bertan parte hartzen dugun amezketarrontzat. Talaiak niretzat, hasieran, herriko esparru berri baterako sarrera izan ziren. 15 urte inguru nituen eta ni baino herritar helduagoekin hartu-eman sano bat izan nuen lehenengoetariko aldia izango zen.

Talaiek herrian integratzeko balio dute. Batetik, 10-16 pertsonako talde bat zazpi orduz elkarrekin dagoelako dantzan, furgonetan eta mahaiaren bueltan; eta bestetik, urtean zehar ikusten ez dituzun herritarrekin elkartzeko aukera dagoelako.

Talaien gauzarik onena, mahai-inguruan ardoaren, anisaren edo sagardoaren eta janari apur baten laguntzaz sortzen den giroa da. Etxe-jabeak zein familiatakoa zaren galdezka eta amaierarako, bertso, kantu eta koreografia berriekin amaitzen dugu.

Bestalde, amezketar kulturaren parte da. Esanahi bat dauka Talai dantzak. Baina, ez esanahi orokorra, indibiduala baizik. Bakoitzarentzat berea, eta bizitza aurrera doan heinean aldatzen doana. Txikitan, etxeko balkoitik ikusten nituen; han egoten nintzen zain, Talaiak noiz etorriko. Nerabezaroan erdi-gaupasaz joaten nintzen dantzara, bezperako mozkorra oraindik pasatzeko zegoela, herritar helduagoekin bat egoteko aukera galdu ezinda. Eta, gaur egun, egunerokotasunean tratua ez dudan jendearekin egoteko balio dit eta herritar bat gehiago sentitzen naiz.

Nerabe, gazte zein heldu, gizon zein emakume… gonbidatuta zaude. Otsailaren 15ean, igandean eta 16an, astelehenean, goizeko 08:00etan plazan elkartuko gara termoko kafea, anisa eta pastak lagun ditugula.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!