Barkatu, hustu egin naiz

Erabiltzailearen aurpegia Imanol Artola Arretxe, 'felix' 2015eko urtarrilaren 11

(Testua pasa den udako egun goibel batean idatzia da. Egiazkoa eta nire gertueneko jendeari eskainia). 

Nire burua emailetzat daukat. Ni emailea naiz. Ni energia askoko pertsona naiz eta saiatzen naiz energia hori besteekin konpartitzen. Saiatzen naiz triste daudenak alaitzen, ez-konprenituak konprenitzen, bakartiei laguntzen, zein haserre daudenak lasaitzen. Badut gaitasuna horretarako. Baina, nire depositua ere hustu egiten da. Eman eta eman eta eman… bete ezean, hustu egiten da. Eta hori gertatu zait. Hustu egin naiz.

Orain arte entzuten nuen jendea ezin dut entzun. Beraiek nire energia behar dute, baina nik ez daukat energiarik, eta horrek sutu egiten nau, eta haserretu eta purrusta egiten diet.

Barkatu. Ez da zuen errua. Ezta nirea ere. Kontua da jaiotzatik pertsona batzuk energia xurgatzeko joera dutela eta beste batzuk ematekoa. Emailea hustuta dagoenean ezin da xurgatzaile batekin elkartu, bien energiak ez direlako bateragarriak. Eta ni hustu egin naiz. Ezin dut zure alboan egon. Ez da zure errua, ez da nirea. Besterik gabe, horrela da. Eta den horri ezin zaio aurre egin. Besterik gabe onartu egin behar da. Errenditu egiaren aurrean.

Eta errealitatearen aurrean amore ematen badut, hustuta nagoela onartzen eta horri aurre egiten ez badiot, kargatzen hasiko naiz, betetzen, energia positibodun bilakatu arte.

Baina, une honetan hustuta nago. Ni naiz aldatu dena. Ni naiz egia onartzen ez duena eta horrek zuri purrusta egitera narama. Baina, ez da zure errua. Lehen ondo ginen, ni hustu naiz eta orain ez gara bateragarriak.

Baina LASAI, ITZULIKO naiz nire onera.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!