Zaharrei berriz, beti entzuten diegu gauza bera: “Ni gaztea nintzenean…”.
Badirudi haurrak ez duela nortasunik, oraindik ere egin gabea dela ematen du. Ez zaio galdetzen nor den, baizik eta handitan zer izan nahi duen. Txikitatik hezten ditugu etorkizunean pertsona on eta langile hobeak izan daitezen. Dirudienez, handitzean, zerbait edo norbait garrantzitsua izatera behartuta dago haurra.
Zaharra berriz, dekadentzia fisikoan sartzen denean iragana gogoratzen hasten da: “gure garaian ez zen horrelakorik!” edo “nik zuen adinean…”.
Haurra pozik dago etorkizunari buruz fantasiak amesten dituenean; zaharrari ere irribarrea ateratzen zaio gaztetan nolakoa zen gogoratzen denean. Biak dira zoriontsu. Baina, biak bera ez den beste zerbaitez harrotzen dira. Nire iragana ez naizelako ni; nire etorkizuna ez naizelako ni.
Baina, aldi berean, iraganean eta etorkizunean pentsatzeak pozten bagaitu, ez al da zilegi? Amesten duguna egia ez izan arren, une horretan pozik bagaude, ez al da nahikoa?
Ez! Nire ustez ez da nahikoa. Ez zarenaz amestean alaitu zintezke, baina aldi berean zure burua ukatzen ari zara eta benetako zoriontasunaren gakoetakoa norbera onartzean dago. Onartu haurra zarela edo zahartu zarela.
Polita da fantasiak egitea, baina egia ez bada, errealitatera etortzean frustrazioak harrapa gaitzake!
Utz diezaiegun haurrei haur izaten. Ez ditzagun hainbeste hezi eta ez diezaiegun heldu izateko hainbeste presa sartu, gero ere nahikoa denbora izango dute-eta heldu izateko.