Gauza guztiek dute beren zergatia

Erabiltzailearen aurpegia Imanol Artola Arretxe, 'felix' 2014ko urriaren 5a

Gauza bat aitortu behar dizuet. Oraindik orain granoak dauzkat gorputzean. Nerabezaroan irteten hasi ziren eta oraindik hor jarraitzen dute. Urteak pasatu ditut granoak madarikatzen, estetikoki nazkagarriak iruditzen zaizkit eta beraiek nire gorputzetik alde egitea besterik ez nuen nahi.
Halere, duela hilabete batzuk fisioterapeutak gorputz jakintsua dudala esan zidan. Bere burua zaintzen dakien gorputza dudala. Soberako kiloak eta orkatileko bihurritu bat tarteko, janaria zaintzen, kirola egiten eta ur asko edaten hasi nintzen. Eta hara nire harridurarako, pisua jaistearekin batera agur orkatileko mina eta agur grano gehienei ere.
Orduan ohartu nintzen fisioterapeutak esandakoaz. Hurrena bisita egin nionean esan zidan, gorputz guztiak ez direla berdinak eta nahiz eta guztiok egiten diogun kalte gure gorputzari, gorputz batzuk abisatu egiten dutela, eta besteek ez. Nire gorputza abisatzen duen horietakoa da.
Orain badakit nire granoak zergatik ateratzen diren. Granoak nire estresaren eta nire elikaduraren baitan daude: lasai banago eta toxinak barneratzen ez baditut, gorputza lasai dago.
Gauza guztiek dute beren zergatia. Eta errazena granoetan madarikatzea da, baina egiazki arazoa konpontzeko giltza gure eskuetan dago.
Eta hori granoekin bezala gertatzen da gaixotasun gehienekin. Eta ez soilik gaixotasunekin, baita jendearen jarrerarekin ere. Norbait kontrolik gabe ikusten baduzu, agian zure, nire eta gizartearen biktima delako da. Errazena granoak bezala bera madarikatzea da, baina horrekin ez dugu arazoa gaindituko.
Gauza guztiek dute beren zergatia eta muinera joan ezean alferrik da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!