Dena ez denean ezer

Erabiltzailearen aurpegia Imanol Artola Arretxe, 'felix' 2014ko irailaren 7a

Egiten dugunetik bizi gara. Egiten dugunak elikatzen gaitu eta egiten dugunak elikatzen du gure Egoa ere. Baina, zer egin, egiten dena baino gehiago denean egiten ez dena?
Herriko festak pasa berriak dira eta batek baino gehiagok hitz politak esan dizkit presoen senideen aldeko txosnaren ardura nire gain hartu dudalako. Eskertzen ditut hitzak, baina nik uste hitz horiek ez dutela zentzurik. Zergatik ez duten? Bada, nik presoen sendiaren alde egiten ez dudana gehiago delako egiten dudana baino. Urtean behin lau egunez txosna baten ardura hartzearekin nire burua zuritu nahian banabil, ederra panorama!
Egiten dena egiten jarraitu behar da. Baina, egiten dena ez da nahikoa. Lehen esan bezala, egiten ez dena gehiago da egiten dena baino. Baina, ez nire kasuan bakarrik. Baita zurean ere. Ziur askotan harrotu zarela gauza bat edo bestea egin duzulako. Oso ongi! Zuk egin izana goraipatzen dut eta zorionak, benetan! Baina, egiten ez duzun guztiari begiratzen badiozu, harrotasunak gutxi iraungo dizu.
Azken finean galdera bat dago honen guztiaren atzean: zergatik egiten ditugu egiten ditugun gauzak, barrenak eskatzen digulako ala, hori eginda harrotasuna sentitzen dugulako? Hots, emateko ala jasotzeko?
Jarraitu egiten duzun guztia egiten, jarraitu munduari zure onena ematen. Baina, jakizu gehiago ere eman dezakezula. Beti eman ahal izango dugu gehiago, beraz, ez dezagun goretsi gure burua egiten dugunagatik. Azkenean, zertarako harrotu, egiten dena ez denean ezer?

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!