Onartu dagoena eta sentitu

Erabiltzailearen aurpegia Imanol Artola Arretxe, 'felix' 2014ko uztailaren 6a

Ikasturtea amaitzear den honetan, ikasturteko artikuluen errepasoa egin nahi dut. Hainbat gai ezberdin jorratu ditut, baina benetan al dira hain ezberdinak?

1. momentua bizi behar dugu, datorrenari itxaron gabe; 2. gure egunerokotasunean barne-isiltasuneko uneak behar ditugu; 3. besteenganako irekita egon behar dugu; 4. milaka eskubidez hitz egiten dugu eta noiz hasi behar gara maitatua izateko eskubideaz hizketan?; 5. gizakiak berezkoa du desfasea, desfasea daramagun bizitzaren ondorio bat da; 6. ni ez naiz inor besteak kritikatzeko; 7. gustura gaudeneko momentu horietan, poztasunaren kontzientzia izateak asko balio du; eta 8. besteetan ikusten dugun poztasuna, gehienean faltsua da.
Guztiek mezu garbi bat dute: onartu dagoena. Itxura emateak ahaztu, egin nahiko genukeenaz ahaztu eta onar dezagun garen hori, baina onar dezagun benetan! Ez bilatu justifikaziorik.
Onartu zure sentimenduak ere. Triste bazaude, onartu triste zaudela. Zertarako balio du gustura zaudenaren itxura egiteak, hala ez bazaude? Sentimenduak gure motorra dira eta entzun egin behar diegu; onartu behar ditugu.
Onartu zaren hori. Biluztu zure pentsamenduak eta zure sentimenduak. Jarri ispiluaren aurrean eta onartu. Ez ahalegindu aldatzen, eman amore zarenaren aurrean.
Ez gara adimena bakarrik, sentimenduak ere bagara. Ongi sentitzeko sentimenduei kasu egin behar diegu; sentimenduak plazaratzen ikasi behar dugu; sentimenduak sentitzen ikasi behar dugu.
Hitz hauek guztiak adimenaren kontua izan dira. Orain arte nire adimenak esandakoa, hemendik aurrera bizitzen hasi behar dut!!! Niri ere, sentitzen hasteko garaia heldu zait!!!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!