Besteak nola ikusten ditugu?

Erabiltzailearen aurpegia Imanol Artola Arretxe, 'felix' 2014ko ekainaren 8a

Usabalgo kiroldegiko kafetegian zerbait hartu ohi dudanetan, askotan aipatu izan dugu: «Jo, begira ze ondo hor igeri». Aldiz, igeri ibili izan naizenetan: «Jo, begira ze ondo hor garagardoa edaten». Azken batean, dirudiena ez da benetan dena.

Hori gertatzen zaigu beti. Besteen kanpoko itxurari erreparatzen diogu. Pertsona batek astean futbol partida bat jokatzen duenean milaka zale begira dituelako, idolotzat daukagu. Baina, eta zer egiten du pertsona horrek bere egunerokotasunean? Inoiz galdetu al diozue zuen buruari, ea zein kezka izango dituen pertsona horrek ohera sartzean? Izango ditu, ezta? Eta berdin modeloak, telebista aurkezleak, irakasleak, aktoreak, e.a.

Bakarrik bizi denak lagun-kuadrilla duena miresten du; aldiz, lagunik gabe egoten ez dakienak bakartia.

Jende askok esaten dit niri: «Felix, hi bizi haiz hi!», eta ez zaie arrazoirik falta: gustura bizi naiz. Baina jakizu, zuk nireganako eginda daukazun irudia ez naizela ni; eta zure ustez ni naizena, eta nire ustez ni naizena, oso ezberdinak izango dira.

Ezinezkoa da jendearen irudirik ez egitea, beti egiten ditugu irudiak. Baina, irudiei garrantzia kendu behar diegu. Guk sortutako irudiak direla ohartu behar dugu, fikzio direla, gezurra! Txanponak baduela beste aldea.

Eta besteen irudiei kasu egiteari uztean, zure irudiari ere garrantzia kenduko diozu, ez zara itxurakerietan ibiliko, eta orduan zu zeu izango zara.

Eta jakizu: ez dagoela benetakotasuna bezain gauza politik. Ez ahalegindu beste bat izaten, ez ahalegindu zerbait izaten; besterik gabe, onartu zarena, eta izan zaitez zu!

Zu zeu izan gabe, ezin zara-eta ederra izan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!