Inauteriek gizakiaren egunerokotasunarekin hausten dute. Urtean zehar egiten ez diren gauzak egiten dira. Lege propioak dituzte inauteriek. Jendea desfasatu egiten da (ez garai batean bezain beste). Jendeak badu inauterien beharra. Bestela, ez lirateke hainbeste mendetako tradizio izango. Baina, zer dute inauteriek irauteko?
Jendea bere egunerokotasunean ez da guztiz gustura sentitzen. Ez du egin nahiko lukeen guztia egiten. Barruan zerbait gordetzen du. Besteekin bizi ahal izateko eta guztion onaren izenean, ekintza edo nahi asko erreprimitzen ditugu. Nahiak erreprimitzeak barnean hutsune bat sortzen du eta hori askatu beharra dago. Askatze hori tradizioak inauteriekin lotu du: mozorroak, dantzak, jaiak…
Tradizioak jakin izan du gizakiaren behar hori detektatzen eta urtean zehar egun batzuk eskaintzen dizkio lasaitze horri, desfasearen bidez, inauterien bidez.
Lehen dena zen libre. Orain, geroz eta mugatuagoak dira inauteriak. Ziurrenik, gizakiak deskonektatzeko aukera gehiago dituelako. Iraganeko euskalduna lurrari eta naturari lotua bizi zen, gaur egun aldiz, langile-eskubideak direla medio, maizago desfasa liteke. Ez dauka hainbeste barnean gordeta. Baina, halere, garbi dagoena da, gizakiak deskonektatu behar izaten duela eta horretarako metodo bat desfasea dela.
Beraz, eta amaitzeko, bi puntu azpimarratuko nituzke:
1) Gaur egunean hainbat psikologia eta hainbat zientzia aurreratu izan arren, oraindik gizakiari zoriontasunerako asko falta zaiola, desfasearen beharra duelako.
2) Tradizioari eta tradiziotik datozen erritualei kasu gehiago egin beharko genieke. Tradizioa ez da alferrik tradizio. Zerbaitegatik da.