Abortua

Erabiltzailearen aurpegia Imanol Artola Artetxe, 'Felix' 2014ko otsailaren 2a

Azken aldian abortua bolo-bolo dabilen kontua da. Dela emakumeen eskubidea, dela bizitzarako eskubidea, guztiek darabilte kontua euren ahotan.

 Batzuen ustez, Jainkoak (nahi bada deitu Naturak, Zoriak, Badenak) sortu gaituen bezala sortu gaituenez, hori eskertu behar diogu. Berak eskaini dizkigun gaitasunak baliatu behar ditugu eta ezin gara joan horien aurka. Besteen ustez ordea, emakumea da erditzen duena eta beraz, bere erabakitzeko eskubidea aldarrikatzen du.
Halere, inork gutxik aipatzen du etortzekoa den haurraren egoera. Emakumea mila arrazoigatik gera liteke haurdun: izan liteke arduragabekeriagatik, nahigabe edo behartuta. Berdin du haurdunaldiaren kausa hiru horietako zein den. Kontua da, guraso-gaiek guraso izan nahi ez badute, haur hori maitasun ezera kondena daitekeela, gurasoen maitasun ezera alegia.
Maitasunik eza gorrotagarria da. Guraso izan nahi ez duten guraso-gaiek jaiotzea nahi ez duten haurrari zer maitasun eskainiko diote bada? Bizitza hondatzen zaie gurasoei eta hondamendi hori datorren haurrarekin ordain lezake. Jaiotzear den haurra zama batekin jaioko da eta zama hori eramaten asmatzen ez badu, desorekatutako gizaki bilaka daiteke.
Errazena haurra mundura ekartzea da (barka diezadatela umea izan nahi eta ezinean dauden horiek). Lanik zailenak haurra munduratu ostekoak dira. Horregatik, ez nago ez abortuaren alde, ez eta aurka ere. Soilik, haurrek gurasoen maitasuna izatea ziurtatu nahi dut.
Izan gaitezen bizitza zoriontsuen alde! Ez dezagun inor zigortu!
Ez dezagun inoren bizitza ez-maitasunera kondena!

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!