Urte berri on

Erabiltzailearen aurpegia Imanol Artola Arretxe, 'felix' 2013ko abenduaren 27a

Eguberriak. Egun + berriak. Askok galdetuko du: zer dute bada berritik egun hauek? Bada, askok uste dutena baino gehiago.

Eguberriak gaur egun kontsumoarekin lotzen badira ere, mendeetako tradizioa dira. Jaiotza ospatzen da. Baina, ez Jesusen jaiotza; norbere jaiotza baizik.

 

Gertukoenganako elkartasunaren isla dira Eguberriak. Ez dira elkartasun absolutuaren egunak, kartoi artean lotan jarraitzen baitute batzuk, eta etxe huts eta bakartietan beste batzuk. Baina, badago halako gertutasun bat.

 

Halere, geroz eta jende gutxiagori gustatzen zaizkio: kontsumoa, familia arazoak, hipokresia... Baina, txikikeriak dira gauza horiek guztiak.

 

Urte hasieran "urte berri on" esanaz kaleratzen da jendea. Hiru hitz besterik ez dira baina, pisu handiko hiru hitz: urte berri on. Eta normalean distantzia markatzen duenak ere bi muxu emateko aukera eskaintzen du. Batzuentzat zurikeria da hori.

 

Baina, benetan pertsona baten besarkada bat edo hitz gutxi batzuk nahi direnean, ez da "zurikeria" hitza erabiltzen. Agurtu zaituen pertsonarekin egiazki hitz egin nahiko bazenu, eskertu egingo zenuke urtean behin bederen berarekin hitz egiteko aukera. Eta eskaintza hori barnetik eskertzen ez baduzu, zuk ere hitz egin nahi ez duzulako da eta beraz, zuk ere izango duzu zuritik. Eskaintza baten aurrean esker txarra agertzea bezain keinu higuingarri gutxi da munduan.

 

Beso zabalik datorrena beso zabalik hartzen ikasi behar dugu. Nahiz eta besarkada hori urtean behingoa izan. Ni patxada horrek birjaiotzen nau urtero. Poztasun horrek.

 

Ea urte berri honetan, jendeak kritika gutxiago eta esker gehiago izaten duen. Ni beso zabalik izango nauzue.

 

Hitzaren zentzurik benetakoenean: URTE BERRI ON guztioi.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!