Ez pentsatu

Erabiltzailearen aurpegia Imanol Artola 'felix' 2013ko aza. 22a, 09:01

Denbora «bete» behar izaten dugu. Denbora zerbaitetan okupatuta igaro nahi izaten dugu. Zerbaitetarako gai garela adierazi nahian, probetxugarriak garela adierazi nahian. Modu horretan gure egoa elikatzen dugu eta horrekin batera, gure autoestimua altxatzen da.

Baina, egiazki, ez dakigu zer egin denborarekin. Denbora okupatuta igarotzen ahalegintzen gara, eta okupatu gabeko denbora, ondorengo denbora okupatua ordenatzen igarotzen dugu: «bihar hau eta bestea egin behar dut eta etzi berriz…». Zenbat denbora igarotzen dugu denbora ordenatzen?
Zerbait egiteak, denbora zerbaitetan igarotzeak, plazera ematen digu; aurrez esan bezala, probetxugarriak sentiarazten gaitu.
Ez dakigu ezer egin gabe egoten. Trenean jendea irakurtzen, musika entzuten, edo hizketan doa –bueno, lo hartzen duenik ere bada-; ez dakigu semaforo gorrian 70 segundo lasai egoten; etxera heldu eta bakarrik bagaude, segituan pizten dugu telebista edo irratia, edo bestela irakurtzen edo zerbaitetan hasten gara.
Ez dakigu ezer egin gabe egoten! Ez dakigu gure garunari atsedenik ematen. Egun osoa ikasten edo lanean igaro eta oheratu aurreko une horretan lasai, sofan erdi etzana isiltasuna lagun, erlaxatzen egon beharrean, irakurtzen, telebista ikusten edo auskalo zer egiten, berriro hamar mila informazio prozesatzeko eskaintzen dizkiogu garunari. Gaixoak! Sindikaturik balute sikiera!
Baina hori ez da larriena! Larriena da, Egipto garaiko esklaboen edo joan den mendeko emakumeen antzera, garunak ere asimilatu eta onartu egin duela bere egoera. «Garuna izanda, nola ez dut ba pentsatuko? Garuna izanda nola eskatuko dut ba atsedenik!».
Garunak behar ditu atseden momentuak. Ez dago ohituta eta beraz, guk lanik ematen ez diogunean ere lana egin nahi izaten du –horretan badu galtxagorrien antza-. Baina, erakutsi behar diogu posible dela kezkarik gabe, iraganari eta etorkizunari soa luzatu gabe, oraina kontenplatuz –erne! Kontenplatuz diot, analizatu, ebaluatu eta epaitu gabe- bizitzea!
Kontenplatu, ez aztertu!
Eskertu daukazuena eta ez daukazuena!
Eskertu eta ez epaitu!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!