Carpe Diem

Erabiltzailearen aurpegia Imanol Artola 2013ko urr. 18a, 13:32

Bizitza bizi behar dela esaten zaigu askotan; bizitza bizi behar dela esaten dugu askotan. Baina, zeri deitzen diogu bizitza bizitzea? Alaitz eta Maider-ek honela zioten: «Carpe Diem oihukatu/ atzera ez begiratu/ Carpe Diem oihukatu/ denetaz ahaztu/ momentua bizitu». Ez da lema txarra, baina egiten al dugu?

Gaur egungo sare sozialetan askotan irakurri izan dut: «si la vida son dos días, que caigan en fin de semana». Baina, hori al da bizitza bizitzea? Zer egingo genuke bizitza guztia asteburua balitz? Zenbati entzun ote diot joan den irailean, bazela garaia errutinan sartzeko; ondoen errutinan bizi garela. Egia esan, ba al dakigu errutinarik gabe gure burua ondo zaintzen?

Zer da bizitza bizitzea? Adinaren arabera gauza bat edo bestea erantzungo didazue. Halere, ez naiz oker ibiliko, Carpe diem bakoitzak bizitzan dituen helburuekin lotzen duela esaten badut. Normalean, helburu horiek etorkizunean beteko direnak izaten dira. Baina, zer gertatzen da behin helburu hori betetzen denean? Bada, beste zerbait bihurtzen dela helburu. Modu horretan, ez gara inoiz bizitza bizitzera heltzen, datorren momentua oraina baino zoriontsuagoa delakoan bizi baikara uneoro.

Horregatik lotu behar da Carpe diem momentu honekin. Unea, momentua, istant... onartzea da Carpe diem. Ez hemendik segundo gutxira gertatuko dena, istant baizik.

Honaino irakurri baduzu, ulertu ez duzunaren seinale da. Egiazki ulertu izan bazenu, isiltasuna lagun, hurrengo hitzaren beharrik ez duzunaren jakitun izango zinateke-eta.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!