Horretaz hobe ez hitz egitea

Erabiltzailearen aurpegia Iker Uson 2017ko maiatzaren 28a

ETAren terrorismoak eta beste indarkeria batzuek hamarkadetan izan duten bilakaerak ondorio asko utzi dituzte, baina horietako bat izan da gai hori tabu sozial bihurtzea.

Gai arantzatsuez jardun gaitezke (sexua?, sinismen erlijiosoak...) baina hain eguneroko zaigun gai hau nahiago izan dugu, badaezpada, ukitu ere ez egitea. Elkarrizketa batean gai hau agertzen den momentuan, urduri jartzen da bat, defentsiban ez bada. Kasurik hoberenean, gure hitzak ondo baino hobeto neurtzen ditugu. Okerrenetan, topiko eta aurreiritziz betetzen zaigu ahoa.

Izan dugu nolabaiteko alternatiba bat, gure moduan pentsatzen zutenekin soilik hitz egitea, baina geure burua engainatu dugu. Elkarrizketa deitu diogu, baina geure ideiak berresteko modu bat baino ez zen.

Pentsa dezagun zeinen ondo sentitzen garen elkarrizketa batean geure iritziak lasai bota ditzakegula jakitean, esango dugunarengatik epaituak ez garela izango jakinda. Hau da berreskuratu behar dugun plazeretako bat. Ausartu behar dugu sinestera posible dela desberdin pentsatzea eta inork ez digula horregatik hitz egiteari eta agurtzeari utziko.

Ez dut inozo bat izan nahi. Badakit goizegi dela. Badakit zauriak zabalik daudela oraindik. Baina ez genioke uko egin behar saiatzeari behintzat. Badakit batzuen ustez beste batzuenganako bizitza edo eskubide urraketek merezi izan zutela. Hori pentsatzen dutenekin zailagoa izango da elkarrizketa ziurrenik. Alabaina, are eta beharrezkoagoa izango da hitz egitea, hitzaren balioa isiltasunaren eta inposizioaren gainetik jarri nahi bada behintzat.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!