Nork bere buruari entzutea

Erabiltzailearen aurpegia Iker Uson 2017ko api. 2a, 13:54

Historiaurreko kobak ikusten izan naizenetan, beti eragin izan dit zirrara pentsatzeak zer ote zen han bizitzea. Argi gutxi edo batere ez, eta era guztietako soinuz inguratuta: ur tantak koban barrena, animaliak, zure senitartekoen arnas-hotsak... baina baita isiltasuna ere.

Gizakiok ezaugarri bereziren baldin badaukagu, hori da aukeratzeko gaitasuna daukagula, nahiz eta maiz ahaztu egiten zaigun. Baina geure erabakiak hartzeko funtsezkoa da nork bere buruari entzutea. Geure buruari entzutea, geure burua ezagutzeko. Baina, batez ere, elkar entzutea, elkar ulertzeko. Gaur egun geure buruari entzutea balentria bat da. Bere zilborrari baino begiratzen ez dion gizarte batean, gure desioak, beldurrak eta interesak entzuten ditugu bai, baina «pilotu automatikoa» jarrita entzuten ditugu. Bulkadari eta desioari erantzuten dion entzuteko modu bat da.

Geure buruaren egia bilatzea asmo duen entzuteko moduaz ari naiz, ordea, eta horretarako bi gauza behar dira gutxienez: ausardia eta isiltasuna. Ausardia, norberaren buruari aktiboki entzuteak beldurra ematen baitigu, sinesten dugun harekiko zalantzak sortzen zaizkigulako. Horregatik, borondatea baino zerbait gehiago behar da entzutean tematzeko eta motxila umiltasun eta pazientzia dosiz kargatzeko.

Eta isiltasuna. Ezin duzu zeure burua entzun kirola egiten duzun bitartean edo lanera zoazen bitartean, garuna estimulu ugariren menpe baitago une horietan. Kanpoko isiltasuna behar da barneko isiltasunera hurbiltzeko.

Bakoitzak jakingo du nola edo non egin. Baina, esan nahi nizuke luzera dakarren mesedeaz gain, oso onuragarria dela gizartearentzat. Zeure burua entzun eta ulertzen duzunean soilik da posible besteari entzun eta hura ulertzea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!