Barkamenari buruz

Erabiltzailearen aurpegia Iker Uson 2017ko urt. 22a, 18:02

Hanka sartzearen» aplikazioa gure bizitzan instalatuta dator jada. Hobe da onartzea: ez gara perfektuak. Adi! Izan ere, gure bizitza hobetzea lortu arren, ez gara inoiz perfektuak izango. Uste dut pertsonalki eta gizarte bezala onartzeak nolabaiteko lasaitua ekartzen digula.

Dena dela, behin akatsa eginda galdera da: eta orain zer? Senak esan ohi digu ondorioak nork bere gain hartzea eta barkamena eskatzea dela orain egin beharrekoa. Are gehiago, gure seme-alabei erakusten diegu hori bera «eska iezaiozu barkamena» ospetsua erabiliz.

Bikotekidearekin, gizartearekin, senideekin bizitzeak barkamena behar izaten du. Pentsa dezagun nolakoa izango litzatekeen historia gure arbasoek haien artean gertatutakoa barkatu ez baliete elkarri. Gure gizarteak neurri handi batean barkamena eskatu eta barkatzeko prest egoteari esker funtzionatzen du. Norbanakoaren ekintza bat da eta, beraz, ezin da norbait behartu barkamena eskatzera eta ezta barkatzera ere. Inposizio bihurtzea, ondo pentsatuz gero, nahiko zentzugabea da. Baina ez da erraza. Berez, gero eta handiagoa mina, orduan eta zailagoa da barkamena eskatzea edo bestea barkatzea.

Esanahi erlijiosoetatik haratago, barkatzeak esan nahi du iraganean egin genuen hori baino gehiago garela (norbera zein besteak) ulertzea. Barkamena eskatzen duenarentzat esan nahi du ulertzen duela beste pertsona bati mina eman diola, akaso min hori nahita egin duela onartzea, eta orain nahita ere onartu eta zuzendu egin nahi duela. Eta barkatu behar duenarentzat esan nahi du ez sufrimendua ahaztea edo gutxiestea, baizik eta ulertzea barkamena eskatzen dion pertsona min horren eragilea baino gehiago dela.

Gu garenean hanka sartu dugunak, ez al zaigu gustatzen beste aukera bat izatea? Ez al dugu pentsatzen egin genuen hori baino askoz gehiago garela?

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!