Tertulia politikoekin kokoteraino

Erabiltzailearen aurpegia Iker Uson 2016ko azaroaren 20a

Telebistako eguneroko programazioari errepaso bat egitea nahikoa da ikusteko tertulia politikoa presente dagoela egun osoan zehar. Gaur egun, kate pribatu handietan goizez, arratsaldez eta gauez gai politikoen inguruko eztabaidak eskaintzen dizkigute.

Horrelakoak hasi zirenean pentsatzen nuen hobe zela horrelako programak edukitzea «famatuen» bizitza pribatuari buruzko hain ohikoak direnak baino. Gaur onartzen dut kokoteraino nagoela tertuliekin. Politika entretenimenduaren lehengai berria bihurtu dute. Ez dut oso argi ikusten zer esan nahi duten «entretenitzearekin», baina, neure baitan pentsatzen dut informatu, hezi edo hausnarketa bultzatzea bezalako aditzetatik gero eta urrunago dagoela.

Tertulia hauek ez ditut gustuko, haientzat politika alderdi politikoek egiten duten hura baino ez baita, eta hori ez da egia. Gainera, ez dute alderdi guztientzat lekurik ere uzten. Espainiaren kasuan, lau alderdi soilik daudela dirudi. Eztabaida politikoa liskar politikoarekin nahasten dute gainera. Inolaz ere ez da eztabaida eta hausnarketa bultzatzen, baizik solaskideek elkarri eraso egitea. Are gehiago, «eskuinkada» onenak ematen dituzten haiek dira ondoen funtzionatzen dutenak. Horrela, larunbat gauean entretenitzen gaituena, dirudienez, elkarrengandik banatzen gaituen hura ikustea da eta ez batu gaitzakeena.

Errealitatetik urrun dago hori. Gure aurrerapausoak akordioetatik etorri dira beti. Etorkizuneko aurrerapausoak ere hala etorriko dira. Ez liguke harritu behar krispazioa eta politikarekiko aspermena ez murrizteak, orduak joan, orduak etorri, gladiadoreen arteko borroka batekin nahasten bada politika.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!