«Inertzien gainetik, benetako urratsak»

Erabiltzailearen aurpegia Iker Uson 2016ko uzt. 10a, 11:00

Geure bizitza sozialean eta politikoan paradoxa bat ematen da euskal auziaren inguruan hitz egiten dugunean. Alde batetik, gehiengoak onartzen du garaiak aldatu direla; baina, beste alde batetik, jarrera zaharrekin topatzen jarraitzen dugu.

Banantzen gaituenean arreta jartzen jarraitzen dugu, batzen gaituenean jarri beharrean. Desberdintzen edo banantzen gaituen hura bilatzen jarraitzen dugu elkartzen eta hurbiltzen gaituenaren aurrean. Partekatzen dena ikusteko gaitasuna garatzea galarazten digu hamarkadetako zatiketa-inertziaren indarrak. Autokritikarik gabeko kritikak ere oso presente jarraitzen du. Besteak egiten duena epaitzeko eta zentsuratzeko joera elikatzen du gatazka orok kode suntsitzailean. Horrela, beste aldearen erantzukizun eta eskaera guztiak hustu egiten dira, aldatzeko borondate falta aurpegiratzera helduz, geure borondatea aztertu aurretik ere. Sarri, ikuspegi alderdikoia ere inposatzen da. Besteei egin beharko luketena egiten exijitzera eta geure inmobilismoa exijentzia horiek ez betetzearekin justifikatzera murrizten da guztia.

Beste gai batzuetan, aldiz, hobera egin dugulakoan nago. Garaile eta garaituen diskurtsoak indarra galdu du eta gutxiengo batek hobesten duen ikuspuntua da. Bidenabar, hizkuntzaren erabileran ere hobetu dugu. Hitzek min egiteko duten gaitasunaz jabetu gara, eta ondorioz, ziklo berri honek hiztegi berria eskatzen duela onartzen da, ez gertatu dena estaltzeko, baizik eta askok, eta ez soilik «gutarrak» ordezkatuak sentitu daitezen. 

Iraganeko jarreren azterketa kritikoa egin behar dugu. Gutxienez, hamarkadetan eragindako minari eta sufrimenduari min eta sufrimendu gehiago ez gehitzeko. Eta noski, borondate hori errealitatean gauzatzeko konpromiso zehatzak behar dira eta badira. Aurreko egunetako albisteetan aurkitu ditzakegu bi adibide. Batetik, Eusko Legebiltzarrak uztailean biktima polizialen legea tramitatuko duela jakin dugu. Bestetik Paco Etxeberriak, EHUk Eusko JaurlaritzaK eskatutako, torturaren inguruan egiten ari diren ikerketaren lehen ondorioak aurkeztu ditu. Orain dela bost urte horrelako bi albiste sare sozialetan irakurtzerakoan zer pentsatuko zenukeen? Ziurrenik gustu txarreko txantxa bat zela. Baina ez, benetakoak dira.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!