Hau al da bakean bizitzea?

Erabiltzailearen aurpegia Iker Uson 2016ko mai. 22a, 21:00

Euskal gizartea, berradiskidetze prozesuan guztiz murgilduta dago. ETAren erabakiak, berantiarra bezain ongietorriak, guztiaren soluzioa ez bada ere, aldaketa izugarria ekarri zuela, argi dago. Horrek guztiak eta alderdi politikoen parte hartzeak, azken urteetan sekula lehenago ezagutu ez dugun egoera eta errealitate batera eraman gaitu.

Gauzak horrela, garai berri hori esperantzaz beteta bizitzera narama. Izugarrizko aukera dugu aurrez aurre eta asko dira berau probesteko lanean dihardutenak. Aitzitik, mehatsuak ere antzematen ditut. Nire ustez garrantzitsuena edo handiena, bakean bizitzea, gaur gaurkoz dugun egoera dela pentsatzea da. ETAren desagertzeak, oraindik bere disoluzioa eman ez bada ere, askorentzat arazoaren amaiera suposatu du. ETA bukatu da, beraz bakean gaude. Ez dut iritzi horrekin bat egiten. Are gehiago, hankasartze izugarria egingo genukeelakoan nago bakea ETAren absentzia huts bezala ulertuko bagenu.

Bakea, haratago doa, askoz sakonagoa da. Bakeak, nire ustez, kaltetu edo apurtu diren harremanak birsortzera eta oinarri berriak eraikitzera eraman behar gaitu. Gizarte berri bat non, inork ez duen bere ideia edo sinesmenak tarteko, bere eskubideen jazarpena ezagutuko.

Hori dela medio, mehatxu horren aurka modu praktikoan lan egin behar dugula uste dut. Bizikidetza berradiskidetuaren etorkizunarekiko konpromisoa orainetik eraiki behar da. Gaur egiten duguna, bihar iragana izango da. Horregatik, orainean aukera bikaina dugu iraganarekiko, helburu dugun etorkizunean aurrera egiteko. Garai berrietan, jarrera zaharrak mantentzeak zentzurik ba al du? Ezezkoan bazaude, ez zaude bakarrik. Asko gara apalki jarrerak, aldatzeko bidean gaudenak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!