Giro triste eta bustia

Erabiltzailearen aurpegia

Egun osoz zerua estalirik mantenduko zaigu eta euri kontuak izango ditugu. Goizean euri zaparrada batzuk izango ditugu, orokorrean nahiko ahulak izango direlarik.

Arratsaldeko lehen orduetan lasaialditxo bat izango da eta ez du euririk egingo. Arratsalde erditik aurrera ordea, berriz ere euri zaparrada batzuk izango ditugu, tarteka mardul xamarrak izan daitezkeelarik. Haizeak ipar-mendebaldetik joko du eta tenperaturak oso freskoak izango dira, maximoak 13-14⁰C-tan errendituz.

Larunbata (maiatzak 16)

Giro bustiarekin jarraituko dugu. Ipar-mendebaldeko haizea nagusituko zaigu egun osoz eta horrekin zerua erabat estalirik mantenduko da. Hodei hauek egun osoan zehar euria ere utziko dute. Euria zaparrada ahul modura botako du, baina nahiko sarri eta giroa amorragarria izango da. Iluntze aldera zertxobait atertuko du, baina azken orduetan berriz ere euria bueltan izango da. Tenperaturak oso freskoak izaten jarraituko dute eta maximoak ez dira 14-15⁰C-tatik pasatuko.

Igandea (maiatzak 17)

Giroak egonkortzera egingo du. Egunsentian oraindik hodei dezente agertuko da eta euri tantaxkaren bat edo beste izatea ezin da baztertu. Goizean bertan ateri geratuko da eta ostarte batzuk irekitzen hasiko zaizkigu. Arratsaldean, nahiz eta, zeruan hodeixkaren bat edo beste azaldu, giro urdina nagusituko da. Haizeak ipar ukitua izango du egunaren lehen zatian, ipar-ekialdetik finkatuko delarik arratsaldean. Tenperaturek gora egingo dute eta eguneko erdiko orduetan 17-18⁰C-tan joko dute goia. 

Albiste hau ATARIKIDEei esker argitaratu dezakegu. Haiei esker Tolosaldeko albisteak libre, euskaraz eta kalitatez irakurtzen dituzu. Horrela izaten jarraitzeko eman babesa Tolosaldeko Atariari eta ZU ERE IZAN ZAITEZ ATARIKIDE.

#EgitenDuzunaGara


EGIN ATARIKIDE!