Hobera egingo du eguraldiak

Erabiltzailearen aurpegia Iker Ibarluzea 2020ko mar. 13a, 05:58

Eguerdi aldera bitarte oraindik zerua nahiko estalirik egongo da eta euri txikia egingo du.

Ondoren, atertu eta ostartetxo batzuk zabalduko zaizkigu. Haizeak iparretik joko du eta termometroek koskatxo polita behera egingo dute, maximoak 11-13⁰C-tan geratuz.

Larunbata (martxoak 14)

Giro eguzkitsu eta sanoa. Goizeko hodei-hondarrak desegin ostean, eguerditik aurrera eta, batez ere, arratsaldean giro oskarbi eta eguzkitsua geratuko zaigu. Haizeak ipar-ekialdetik joko du, ahul eta termometroak zertxobait igoko dira, maximoak 14-15⁰C-tan errendituz eguneko erdiko orduetan.

Igandea (martxoak 15)

Giroa erabat nahastuko zaigu. Goizean giro lasaia izango da, haizea aldakor ibiliko delarik eta zeruan hodei gutxi ikusiko ditugularik. Gainera termometroak goraxeago kokatuko dira eta maximoak 15-17⁰C-tan errendituko dira. Arratsalde hasieran haizeak mendebaldera egin, zakartu eta eguraldiak okerrera egingo du. Fronte batek euri zaparrada mardulak utziko dizkigu, baztertu gabe egun amaieran ekaitz kutsukoak izatea. Egun amaierarako termometroek nabarmen behera egin eta elur-maila 1000 metrotara edo beherago jaitsiko zaigu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!