Elurra eskualdeko mendi altuenetan

Erabiltzailearen aurpegia

Negu bete beteko eguraldia izango dugu gaurkoan. Ipar mendebaldeko haize zakarrak eta goietan sartuko den fronte batek euri zaparrada mardulak utziko ditu egun guztian zehar. 

Ekaitza jotzen duenean kazkabarra ere bota dezake. Tenperaturak gehienez 8-9 gradutara iritsiko dira. Elur mailak ere behera egingo du, 800 metrotara jaitsiz. Arratsaldean, 1.000-1.1000 metrotara igoko da. 

Asteburuan ere traketsetik jarraituko du eguraldiak. Biharkoan, larunbata, goiz partean haizeak hego mendebaldera egingo du. Euritarako joera izango du baina ez ostiralean bezain bestekoa. Arratsaldean lasai alditxo bat izango dugu, nahiz eta zer edo zer bustiko duen. Ondoren, ordea, egunaren amaieran, haizeak ipar mendebaldera egingo du, zakartu egingo da eta berriz ere euritarako joera hartuko du zaparrada mardulekin. Tenperaturek zertxobait irabazi egingo dute eta 10-11 gradutara igoko dira egunaren erdiko orduetan. Elur mailak ere zertxobait gora egingo du, 1.200-1.3000 metrotan geratuz.

Igandean beste fronte bat iritsiko da eta goietan aire hotza sartuko zaigu. Horrekin berriz ere tenperaturak hoztu egingo zaizkigu eta 10 gradutara iristea kosta egingo zaie. Elur mailak ere behera egingo du eta egunean zehar 800-900 metrotan ere botako du. Euri zaparradak oso mardulak izango dira eta egunaren bigarren zatian litro asko pilatuko zaizkigu. 

Astelehenean badirudi lasaitu egingo zaigula eguraldia. Tenperatura hotzak izango dira baina 10 gradutik pasatzea lortuko dute. 

Albiste hau ATARIKIDEei esker argitaratu dezakegu. Haiei esker Tolosaldeko albisteak libre, euskaraz eta kalitatez irakurtzen dituzu. Horrela izaten jarraitzeko eman babesa Tolosaldeko Atariari eta ZU ERE IZAN ZAITEZ ATARIKIDE.

BATAK BESTEA DAKAR


EGIN ATARIKIDE!