Giro nahasia

Erabiltzailearen aurpegia

Giro nahasiagoa izango dugu gaurkoan. Ostegunetik ostiralerako gauean sartuko den fronte baten hodeitza izango dugu egunsentian eta tantaxkaren bat edo beste izango da. Hala ere goizean bertan atertu eta ostarte batzuk irekiko dira. Eguerditik hasi eta arratsalde erdi, iluntzera arte ordea, zaparradaxkaren bat edo beste izango da. Haizeak goizean goiz hego-mendebaldetik zakar joko du, ondoren ipar-mendebaldera aldatu eta zakar jotzen jarraituko du eta egun amaieran hegotik finkatu eta indarra galduko du. Termometroek koska polita behera egin eta 17-19 gradutan joko dute goia.

Larunbatean giro nahiko lasaia izango da. Egunaren gehienean zeruan ostarteak nagusituko dira eta eguzkiaz gozatu ahalko dugu, nahiz eta, egun amaieran hodeiak nagusituko diren eta eguna amaitzerako euri pixka bat ere bueltan izango dugun. Haizeak ekialdetik joko du arratsaldeko lehen orduak arte eta ondoren iparraldetik finkatuko da. Termometroek koska polita egingo dute gora eta eguneko erdiko orduetan 22-24 gradu bitartean joko dute goia.

Igandean giro nahasia berriz ere bueltan izango dugu. Egunsentian hodeiak izango dira nagusi eta euri zaparradaxka batzuk izango ditugu. Goizean eta arratsaldeko lehen orduak arte giro lasaiagoa izango da, non ostarte batzuk irekiko diren eta eguzkia ikusi ahalko dugun. Arratsaldeko lehen ordutik aurrera, ordea, hodeiak nagusitu eta giroa nahastu egingo da. Zaparrada batzuk izango ditugu, non tarteka ekaitzak ere joko duen eta orduan zaparrada mardulak izango diren. Haizeak ipar-mendebaldetik joko du eta termometroak zertxobait jeitsiko dira, maximoek eguneko erdiko orduetan 20-22 ºC-tan joaz goia.

 

 

Tolosaldeko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jasotzea nahi duzu?

Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!