[Aulkitik] Ezustekoaren bila

Erabiltzailearen aurpegia Iker Garmendia 2016ko abenduaren 21a

TAKE-ko lehenengo taldeak urteko azken partidarako baja dezente zituen, beraz entrenatzaileak niri galdetu zidan beraiekin joateko. Nola esan ezetz beraiekin entrenatzen aritu eta gero EBAn debutatzeari. Oraingo honetan, Gipuzkoan jokatu ordez nora eta Santanderren jokatzea egokitu zitzaigun, horretarako autobus txiki batean joan ginen zaletu eta guzti.

Kantxara sartu eta berehala ikusi nuen normalean jokatzen dudan kategoriatik EBAra dagoen saltoa. Kanpotar jokalariz osatutako talde indartsua eta kantxa ikusgarria. Baina partida hasi aurretik lehenengo erabaki garrantzitsua aukeratzea falta zen, zer afaldu. Horretarako taldeko traktorea arduratu zen eta taldearentzako, aurkariarentzako eta zaletuentzako adina pizza eskatu zituen.

Denak aldatu eta berotzeko kantxaratu ginenean nabaritu nuen debutaren urduritasuna. Nahiz eta ez izan lehen taldearekin jokatzen nuen lehen partida, EBA ligan jokatzen nuen lehena zen eta aurkaria ikusita (2 metroko armairuak, nire izterraren tamainako besoekin) zer egin pentsatzen pasa nuen beroketa osoa. Baina partida hasi eta gauzak ateratzen zirela ikusita erlaxatu eta taldeari edozertan laguntzeko prest aritu nintzen, baita hiruko bat sartuz. Partida oso ondo joan zen, nahiz eta gutxi izan, diruz egindako talde bati estutzea lortu genuen, eta ezustekoa emateko gai ginela sinetsi genuen, baina aurkariak sekulako kalitatea zuen eta amaieran ezin izan genuen garaipena lortu.

Nahiz eta partida galdu, ikusten da lanean jarraituz hobetzeko aukera dugula eta horrelako talde giroan jarraituz gero ziur nago garaipenak helduko direla.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!