Mobilizazioak Tolosaldean otsailaren 26an

Tolosaldeako Ikasle Abertzaleak hainbat mobilizazio deitu ditu otsailaren 26an. Madrildik datozten erreformei aurre egin eta Euskal Herrian gure hezkuntza propioa eraikitzeko unea delako, mobilizatzeko deia egin die Tolosaldeako herritarrei Ikasle Abertzaleak.

Elite ekonomiko eta politikoek klaseko ahulkietara lotuta nahi gaituzte, gure inguruan gertatzen ari denaren aurrean pasibo, akritiko eta sumiso. Gehiengo herritarraren txirotzean, zapalketan eta desjabetzean oinarritzen den kapitalismo heteropatriarkala ez da krisian sartu, kapital metaketa areagotu egin nahi du, besterik ez. Urteetan ikusi dugun bezala, hezkuntza ezinbesteko tresna da, edozein gizarte ereduren eraikuntzan, eta kasu honetan herri langilearen desjabetzean sakondu ahal izateko, ikasleok merkantzia bilakatu nahi gaituzte. Kapitalaren laborategietan diseinaturiko bidea inposatu nahi digute, non hezkuntzaren merkantilizazioa eta botere hegemonikoaren mesederako adoktrinamendu ideologikoa helburu duten.

 

Zein da bide hori? Espainiar estatuko hezkuntza ertainean LOMCE eta Europar Batasuneko unibertsitateetan EU2015 erreformen bidez garatzen ari direna. Eta horren arduradunak kapital metaketaren aldeko apustu politikoa egiten duten alderdi eta instituzioak dira; Europar Batasuna, PP, UPN eta PNV dira, besteak beste.

 

Nahiz eta modu mailakatu batean izan, LOMCE eta EU2015 inposatzen hasi dira dagoeneko. Aurreko astean bertan, Bolognari jarraitu dion EU2015aren 3+2a onartu zuten dekretuz, graduak 3 urtetara jaitsiz eta masterrak 2 urte izatera igoz. Ikasleabertzaleak.org web orrian informazio gehiago aurkitu dezakezue. Aplikazioa unibertsitateen esku geratzen denaren mezuarekin, ikasleon erantzuna ekidin nahi izan dute. Hala ere, errektoreek erreforma ondo iruditzen zaiela esan dute, baina oraindik ez dutela ezarriko 4+1eko sistema ebaluatu arte. Heziberri, ordea, datorren ikasturtean ezartzeko asmoa du PNVk. Ikasleria esnatzea eta ofentsibara igarotzea beharrezkoa da. Hain zuzen ere horretara dator orain iragarriko dugun dinamika.

 

Otsailaren 26: ERREFORMEI PLANTO ERAIKUNTZARA SALTO!

 

Otsailaren 26a ikasleon behar eta errebindikazioak plazaratzeko eguna izango da, horregatik, ozen esango dugu Madrildik inposatu nahi dizkiguten lege eta erreformei aurre egingo egingo diegula, eta Euskal Herrian gure hezkuntza propioa eraikiko dugula, herritik eta herriarentzat.

Helburu honekin, Tolosaldeako Ikasle Abertzaleak hainbat ekintza eta mobilizazio prestatu ditu otsailaren 26an. Lehenik eta behin, eskualdeko ikastetxe guztietara egun guztiko greba deialdia luzatu nahi dugu. Eta bestetik, goizeko 12:00etan Tolosako triangulo plazan burutuko dugun elkarretaratzera inguratzeko gonbita luzatu nahi dugu; bide batez, arratsaldean 19:00etan toki beretik abiatuko den manifestazioan parte hartzeko gonbita ere bai. Biak ala biak “erreformei planto eraikuntzara salto” lemapean. Besterik gabe, otsailaren 26an elkar ikusiko dugulakoan, agur bero bat.

 

Gora ikasle mugimendua!

 

Jo Ta Ke Euskal Eskola Nazionala lortu arte!

 

Tolosaldeako Ikasle Abertzaleak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!