Zimiterioko pilota Txapelketa, Malli memoriala izango da aurrerantzean

Erabiltzailearen aurpegia Igotz Alkorta 2015ko eka. 4a, 15:03

Esku pilotan aritzeko gogoa duten bikoteek ekainaren 14a baino lehen eman behar dute izena. Aurtengoa 13. edizioa izango da. 

Zizurkilgo Ziotza Kirol Elkarteak hamairugarren urtez Zimiterioko binakako esku pilota txapelketa antolatu du. Zizurkilgo elizari atxikita dagoen frontoi berezi horri bizia emateko sortu zen txapelketa herrikoi hau eta erabat errotutako txapelketa da jada. Iaz 15 bikotek hartu zuten parte.


Iritsi da aurtengorako izena emateko garaia ere. Ekainaren 14era arte egongo da zabalik horretarako aukera. Bete beharreko baldintza bakarra esku pilotan aritzeko gogoa izatea da. Izen emateak, bikote bakoitzeko 10 euroko balioa du, baina sariak ere ez dira nolanahikoak izango. Irabazleak, txapela, kopa 100 euro eta afaria bereganatuko ditu. Azpitxapeldunak, kopa, 50 euro eta afaria. Hirugarren eta laugarren geratzen diren bikoteek, afari bana irabaziko dute. Lehenengo bikote zizurkildarrak berriz, 30 euro eskuratuko ditu. Izena emateko telefono hauetara dei daiteke: 616 96 11 53 edo 695 75 29 62.

Anjel Usabiaga, 'Malli' gogoan
Txapelketa antolatzen hasi zen lehen urtetik bidelagun izen den pertsona bat faltako da aurtengoan, joan den abenduan ezusten hil zen Malli. “Albizu Kirolak-ekin batera Anjel Usabiaga Malli-ren Usabiaga igeltseritza izan dira urtez urte txapelketa lagundu izan duena. Izan ere, Malli zenak oso gogoko zuen txapelketa zen, pilota zalea izanik behin baino gehiagotan agertzen zen partidak ikustera”, gogoratu du Aratz Alkorta kirol zinegotzi eta antolatzaileak. Hori dela eta talde antolatzaileak erabaki du Zimiterioko pilota txapelketa Malli memoriala izendatzea. “Malli gogoratzeko modu polita iruditzen zaigu, herri giroan hainbeste lagundu zuen pertsona hari egindakoa eskertzeko modu bat”.


Frontoi berezia
Zimiterioa frontoi berezia da. Jatorriz Zizurkilek pilotan ibiltzeko zuen txokoa. Alturaz baxuagoa da, bost kuadro besterik ez ditu, eta atzeko pareta erdiraino soilik iristen da. Alboetan bi poste daude gainera, pilotarien jarduna baldintzatu dezaketenak. Nahi duen edonork aukera paregabea izango du datozen asteetan frontoi honen xarmaz gozatzeko.


Kanporaketa partidak larunbat arratsaldetan izan ohi dira eta  finala berriz, ohi bezala, Zizurkilgo Amabirjin jaietan jokatuko da, aurten, abuztuaren 14an. Badakizue, ez zalantzan egon. Animatu!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!