«Berdura plaza zirku bilakatuko du Korrikak»

Erabiltzailearen aurpegia Igor Agirre 2017ko mar. 6a, 07:49

Apirilaren 4an iritsiko da Korrika Tolosaldera. Hala ere, lasterka egin aurretik, beroketak egiteko aukera ere izango da eskualdean eta horretarako, eskualdeko Korrikaren antolakuntzak ekitaldi garrantzitsua antolatu du. Tolosaldeko Korrikaren arduradun Edurne Ayusok (Itsasondo, 1977) ekitaldiaren berri eman dio TOLOSALDEKO ATARIA-ri.

Zer da martxoaren 11rako antolatu duzuena?

Festa bat da martxoaren 11ko arratsalderako antolatu duguna. Jai horretan, jendearen arreta erakarri nahi dugu. Batetik, Tolosaldeko gizon-emakumeak konturatu daitezen Korrika badatorrela eta bide batez, jendeari jakinaraziko diogu 20. Korrikak eskualdeari zer ekarriko dion. Horrez gainera, jendeari ondo pasarazi nahi diogu eta hori da festaren helburu nagusia: jendeak ondo pasatzea.

Zein giro sumatzen ari zarete festaren antolakuntzan ari zareten bitartean?

Tolosaldeko kasua, beharbada, berezia da. Zergatik? Kontuan hartu behar da martxoan badagoela beste herri ekimen garrantzitsu bat: Tolosaldeko Giltzarriak herri-galdeketa du antolatuta martxoaren 19rako. Ez dut esango itzal egiten dionik gure festari, baina nolabait esatearren, bi foku nagusi daude momentu honetan eskualdean: Gure Esku Dagoren galdeketa eta Korrika. Zer gertatzen da orduan? Aktiboa den jendea, beharbada, Gure Esku Dagoren eta Korrikaren antolakuntzan sartuta dagoela.

Jendea jakitun bada, badaki Korrika badatorrela, baina guk hor azpimarra eta foku indartsu bat jarri nahi dugu hori burutik eta bihotzetik kendu ez dezaten. Ikusten duguna da jendea ilusioz eta gogoz dagoela, Korrika noiz iritsiko zain.

Eskualdean antolatu duzuen ekitaldi nagusia da larunbatekoa. Zer aurreikusi duzue festarako?

Pista nagusia aurtengo Zirkorrika bideoklipak eman digu. Sare sozialetan arrakasta handia izaten ari den kantua da aurtengo ediziokoa; zirku kutsuko bideoa eta kantua da Zirkorrika. Pentsatu dugu hori, jaiarekin uztartzeko hari nagusi polita izan daitekeela eta horregatik, festa zirku kutsu horren barruan antolatu dugu.

Den-dena ez dut kontatuko, baina martxoaren 11n Tolosako Berdura plaza zirku bihurtuko dugula aurreratu dezaket. Hortik abiatuta, eskualdeko jende ezagunari eta ez hain ezagunari laguntza eskatu diogu eta larunbateko festa jada egituratuta daukagu.

Zein da antolatu duzuen egitaraua?

Hasteko esan, egun horretan, Pirritx, Porrotx eta Marimototsek bi emanaldi eskainiko dituzte Leidor aretoan. Hain zuzen ere, euren emanaldi berriaren gai nagusia Korrika da. Orduan, Tolosaldeko jendeari esan nahi dioguna da, pailazoen saiora joatekoak badira, lehendabiziko saioa amaitzerakoan adi egoteko, belarriak erne izateko, Leidorren atarian izango dutelako talde handi bat euren zain. Talde handi horrek erakutsiko dio jendeari Berdura plazarako bidea.

Behin Berdura plazan, esanda bezala zirku giroa izango dugu nagusi. Berezitasun moduan, Aitor Elduaien kazetari eta esatariaren alboan izango da Iñar Sastre. Bera Irurako piano jotzaile berezi eta paregabea da; biek emango dute jaiaren hari nagusia. Gero, Winki malabarista ere gurekin izango da, Oinkari dantza taldeak ere prestatu du propio Korrikarako koreografia, Lain taldea osatzen zuten Kristina eta Leire ere gurekin izango dira, Edu magoa ere bai... Halako elementu desberdinak saskian sartu eta ahaleginduko gara jai bizi, koloretsu eta polit bat egiten.

Gainera, festarekin batera, paraleloki, eskualdeko jende ezagunarekin beste ekimen txiki bat egingo dugu. Tolosaldeko gizon-emakume ezagunak gonbidatu ditugu eta eurekin elkarrizketa sorta bat grabatuko dugu Korrikarekin duten harremana zein den ezagutzeko. Horiek, gure sare sozialetatik eta eskualdeko komunikabideen bidez zabalduko ditugu.

Ahaztu aurretik, hau guztia posible egiteko, eskerrak eman nahiko nizkieke boluntario moduan lan egingo duten guztiei. Alde batetik, Joxe Mendizabali eta Iker Ugalderi, alor teknikoan beraiek gabe ezingo genukeelako festa hau egin. Bestetik, Tolosako Udalari eskatutako baliabide guztiak eskura jartzeko erakutsi duen prestutasunagatik. Eta azkenik, festa honetan parte hartuko duten guzti-guztiei.

Beraz, Korrika aurreratuko duzue eskualdera ezta? Korrika presente egongo da Leidorren eta Berdura plazan arratsaldez.

Goizean ere, azokara datozenak erne ibili daitezela, sorpresa bat ere izango baita. Badaezpada, korrika egiteko prest etorri daitezela, zapatilak jantzita. Baina hor ere ez dut gehiago aurreratuko.

Berdura plazako zirkuko ikusleek zer jasoko dute?

Giro ona, emozioa eta ilusioa. Batez ere, bizi-bizirik dagoen ekimen baten izpiritu hori. Seguru ondo pasatuko dutela ikusleek; euskaraz eta euskal giroan egindako festa jasoko dute. Betiere ahaztu gabe, aurten, AEK-k bere fokua jarri nahi duela euskaraz egiten ez duten euskaltzale horiengan. Beraz, nahiz eta euskaraz izan, ateak irekita daude guztientzat.

Bestalde, ekimen hauetaz aparte, Korrikak gure eskualdeko kaleak zapaldu arte, lanketa ugari dituzue martxan ezta?

Iaz, urte bukaerarako, Tolosaldeko herrietako ordezkariekin talde bat osatzea izan zen eskualdeari dagokionez egin genuen lehen urratsa. Tolosak badu bere lan talde propioa eta Zizurkilek ere modu autonomoan funtzionatzen du. Baina lanik garrantzitsuena izan da herri guztietan harremanetan egoteko pertsona bat lortzea. Zorionez, esan behar dut, gaur egun herri guztietan badugula, gutxienez, pertsona bat eta askotan, euren batzorde propioa ere sortu dutela. Hemendik, nire esker onak kolaboratzen ilusioz eta gogoz ari diren herritar horiei guztiei.

Behin talde horiek osatutakoan, Korrikak baditu aspalditik landuta dauden urratsak. Orain, protokolo hori jarraitzea eta martxan jartzea da gure lana. Justu momentu honetan, puntualki, kilometroen salmentan buru-belarri sartuta gaude; Korrikarentzat ezinbestekoa baita kilometroak saltzea, hori da finantzabide garrantzitsuena. Horretaz gain, badaude beste kanpaina batzuk ere, Korrika Laguntzailearena eta Korrika Lagunarena, esaterako.

Lehen aipatu duzu, euskaraz egiten ez duten euskaltzale horietan jarri duzuela fokua Korrikaren 20. edizioan.

Batzuk leloan laburbiltzen da mezua. Lortu nahi dena da euskara maite duten horiek, baina euskaraz egiten ez duten horiek, Korrikara eta AEKra erakartzea. Beharbada, 21. ediziorako, euskaltzale ez euskaldun horiek euskaldunak izango dira. Horregatik, sarea beraiengana luzatu dugu, ea arrantzatzen ditugun.

 

KORRIKA

AURKEZPEN FESTA

Herria. Tolosa.

Lekua. Berdura plaza.

Noiz. Martxoak 11, 18:30ean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!