Izenburua irakurrita, positiboa zara euskararen egoeraren inguruan.
Batzuk esan didate negatiboa dela liburua. Azkenean, kontua ez zen nire iritziak kontatzea; 100 lagunekin egindako elkarrizketak dira liburuaren oinarria. Euskararen munduan gabiltzanoi askotan leporatzen digute ezkor xamarrak garela, lanak egin arren ez dugula behar adina aurrera egiten, geure buruari egur gehiegi ematen diogula, autoflagelazioa gustatzen zaigula... Pixka bat, hortik alde egiten saiatu gara. Datuak direnak dira, denok ezagutzen dugu zein den egoera. Baina bueno, goazen baikortasunez hartzera egoera eta ikustera aurreraka ari garela. Ez nahiko genukeen gauza guztietan, baina behintzat ari gara.
Nola uztartu duzu lanbidea, lehen liburua idazten aritzea, eta horretarako 100 elkarrizketa egin beharra?
Horrek eskatzen du bizitza sozialari ordu dezente kentzea. Egia da kazetari izateak abantaila bat ematen dizula batetik, jendea ezagutzen duzulako. Mundu horretan baldin bazabiltza, kontaktuak egiteko eta jendea ezagutzeko aukera ematen dizu kazetaritzak. Eta bestetik, elkarrizketak egiteko ohitura edukitzeak ere pixka bat errazten dizu lana. 100 lagunen iritziak biltzen dira liburuan, eta horietako asko bi ordutik gorako elkarrizketak badira ere, badaude elkarrizketa motzagoak. Elkarrizketatu bakoitza mundu bat da eta bakoitzak esateko duena ateratzen saiatzea da kontua. Azkenean, 100 elkarrizketatu badira ere, denei ez diegu denetik galdetu. Bakoitzari bere espezialitatean esateko duena atera nahi izan diogu euskararen inguruan.
Zein gairen inguruan laburtu duzu lana?
Hiru gai nagusi dira. Batetik, 80ko hamarkadatik hasi eta gaur egun arteko bilakaeraren balantzea. Arloz arlo egin dugu hori: bilakaera soziolinguistikoa herrialdez herrialde nolako izan den, hezkuntzan zein aurrerapauso egin ditugun, administrazioan, hedabideetan, gazteen arloan, interneten...
Bestetik, gaur egun impasse egoera esaten dioten egoera horri buruzko gogoeta egin da. Hor ahalegindu gara, batetik, euskalgintzako eragileekin hitz egiten, euskalgintzako sektoreak nola dauden azaltzeko. Alderdi politikoekin ere bai; EAEkoekin, Nafarroakoekin eta Ipar Euskal Herrikoekin. Horretaz gain, halako diskurtso edo mezu berriak zabaltzen ari dira eta horiek jaso ditut. Hala nola, berdintasunaren ingurukoa, feminismotik euskalgintzari egiten zaion ekarpenarena, estatugintza nola lotzen den euskararekin... Eta bigarren kapitulu hori ixteko, gogoetan dabiltzan adituen iritziak jaso dira: Jon Sarasua, Kike Amonarriz edo Juan Karlos Etxegoien Xamar-enak, adibidez.
Hirugarren kapituluan, hemendik aurrera zer egin behar ote dugun jorratu da. Lehenik, ikusten da aldaketa soziolinguistiko batzuk gero eta nabarmenagoak direla: Tolosaldean esaterako, arnasguneekin zer gertatzen ari zaigun. Bestetik, eremu erdaldunetan gero eta euskaldun gehiago dauzkagu. Horietaz gain, aktibazioaren gaia ere geroz eta indar handiago hartzen ari da, Lasarte-Orian egin duten ekimen horren bidetik, Agurainen edo Hernanin ari dira orain. Hirugarrenik, jakin nahi izan da immigrazioak zer aldaketa dakartzan euskararen arlora. Eta laugarrenik, hemendik gutxira Kontseiluak Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa aurkeztuko du, Donostia 2016ren barruan. Horren inguruan, hizkuntza eskubideekin zer gertatzen den arakatu da.
Euskarak aurrera egin duela diozu. Zertan egin du aurrera eta zertan geratu da hankamotz?
Hiztunen kopuruan egin du aurrera. Ikusten da eskolatik jende asko euskaldundu dela, etxetik euskalduna ez den jendeak euskara ikasi duela. Gero, gustatuko zaigu ala ez behar adina ikasten ote duten. Noski, etxetik erdalduna denari guk ezin diogu eskatu euskara bihur dezala bere lehenengo hizkuntza. Alegia, bere eguneroko hizkuntza gaztelania baldin bada, etxean eta kuadrillan gaztelaniaz egiten baldin badu, euskaraz ez du inoiz gaztelaniaz bezain ondo egingo. Beraz, nik uste dut errealismo kutsu bat ere behar dugula.
Hala ere, bistakoa da belaunaldi berrietan, adibidez, euskaldunak gero eta gehiago direla. Gure eskualdean, esaterako, gehiengo zabala dira euskaraz dakitenak. Gaur egun, 24 urtetik behera, Tolosaldean inor gutxi egongo da euskaraz hitz egiten ez duenik eta gutxien-gutxienik, ulertzen ez duenik.
Hutsuneak, nire ustez, eskolatik kanpoko arloetan dauzkagu. Nolabait ere, zero urtetik hasi eta 18-22 urtera arte, gazte bati euskaraz hezteko aukera bermatzen diogu. Kontuan hartu behar dira ere unibertsitatean nahiz lanbide heziketan dauden hutsuneak. Baina behin eskolatik ateratzen denean, bere esku dago militante izatea eskolan euskara ikasi eta kaleak erdaraz funtzionatzen duen bitartean, hedabideetan erdara nagusi denean, eta eskualde batzuen kasuan izan ezik, etxe gehienetan erdarazko bizimodua egiten denean. Nik uste, enfokea pixka bat mugitu beharra daukagula. Eskolatik jarraitu beharko da egiten, baina beste arlo batzuetan ere hasi beharra daukagu.
Euskararen arloan ere, gehiegi zentratu gara arlo akademikoan?
Seguruenik, bai. Nik uste, garai batean pentsatu zela, eta logikoa izan zitekeen hori pentsatzea, gazteak eskolan euskalduntzen baziren kalean euskaraz egingo zutela. Baina gauzak ez dira hain errazak. Ez du funtzionatzen paradigma horrek. Hor, argi dezente jarri du orain dela lau urte Soziolinguistika Klusterrak egindako Arrue ikerketak. Umeek eskolan zenbat euskara egiten duten aztertu zen eta ikusi zen, kalean eta etxean baino gehiago eskolan egiten dela. Baina desberdintasun deigarri bat zegoen: LHko laugarren mailako haurrek euskaraz askoz gehiago egiten zuten, DBHko bigarren mailakoek baino. Zergatik? Behin hamalau urterekin, bizitza sozial gehiago daukazu. Kalean gehiago ibiltzen zara, eta ikusten duzu kaleak, hedabideek, eta munduak, orokorrean, erdaraz funtzionatzen duela. Beraz, inertziaz bakarrik bada ere, horra jotzen duzu.
Jasotako iritzien artean, nola igo genezake erabilera?
Badaude elkarrizketatu gehienek komunean dituzten ideia batzuk. Gehienek ikusten dute aldaketen beharra. Adibidez, eskolan jarri dugun adinako indarra beste sektore batzuetan jartzen hasteko beharra; gaztetxoen aisialdian, esaterako. Esaten ari bagara Tolosaldeko ikasleen %100ek D ereduan ikasten dutela, gaztetxoei eskaintzen zaien aisialdia %100 euskaraz da? Asteburuetan ematen diren gaztetxoentzako pelikulak %100 euskaraz dira? Edo gaztelaniazkoak dira nagusi? Eskualdean sustatzen diren ekintzetan euskarak zein ikusgarritasun dauka?
Gaur egun, Tolosaldean ez daukagu herri bat bera ere euskaldunak %70a baino gutxiago direnik. Uste dut eskualde mailan ere, iritsi zaigula momentua esateko ezin dugula jarraitu duela 30 urte bezala, jendeak euskara ulertuko ez balu bezala.
Askok diote, erabiltzeko, erabilgarria izan behar duela euskarak.
Kontua da, ikasleak eskolara joaten direnean, euskara zuzena ikas dezaten eskatzen diogula eskolari. Eskolak irakatsi behar al du hori ez dena? Zer pentsatzen dugu, gaztelaniadun haur batek txisteak egiten eskolan ikasi duela? Arazo bat detektatzen dugunean, ezin dugu utzi dena eskolaren bizkar gainean.
Euskarazko hedabideek erabiltzen duten euskara ez al dago arlo akademikoan erabiltzen den erregistroan kateatuta?
Euskararen erronketako bat dela esango nuke hizkuntza erabilgarria egiten asmatzea. Euskarak baino gehiago, hiztunek daukagu arazo hori. Euskarak baditu baliabide nahikoa eguneroko hizkeran egiteko. Alegia, umetatik euskara jaso edo ikasi duenari, nik ez diot ikusten euskarak ez diola balio bere eguneroko bizitzarako.
Aisialdia aipatu duzu lehen. Eskaintzaz gain, euskarazko aisialdira jendea erakartzen ez dugu asmatu?
Bakoitzak egiten duenaren esku geratu da. Adibidetzat kirol bat hartuz, liburuan batek galdetzen du: «Gipuzkoan zenbat futbol talde daude euskaraz entrenatzeko moduan eta zenbatek entrenatzen dute euskaraz?». Dena gelditzen baldin bada entrenatzailearen, taldeko norbaiten edo jokalarien esku, badakigu horrek zer emaitza ematen duen, inertziak zertara eramaten gaituen. Bada ordua aisiaren gaiari heltzeko. Aldi berean, hori bakarrik ez da nahikoa; familiara, lan mundura eta komunikabideetara ere zabaldu behar dugu espektroa.
Euskalgintzak egitura garrantzitsuak sortu ditu, hala ere, sektore batzuetara iristeko zailtasunak izan ditu?
Eta oraindik zailtasun asko daude. Uste dut, herri honetan jende asko dagoela euskararen egoerarekin ukituta sentitu ez dena. Hor, azken urte hauetan, feminismotik ekarpen garrantzitsua egiten ari direla uste dut. Emakumeek jasaten duten berdintasunik eza zer da emakumeen arazoa bakarrik ala gizarte guztiarena? Beraz, euskaldunek jasaten ditugun eskubide urraketak zer dira euskaldunen arazoa bakarrik edo gizartearena? Eskubideei buruz hitz egiten hastean, justizia sozialaren terminoetan planteatu behar dugu hau. Erdaldunei hori ikusarazi behar zaie eta aldi berean, euskalgintzak ere saiatu behar du euskalgintza erdaldunekin batera egiten.
Manex Agirrek esan izan du, konturatu behar dugula euskalgintza gizarte aldaketarako tresna dela, eta gizarte aldaketak eskatzen duela herritarrengana iristea. Nolabait ere, tentsio positibo bat sortu behar dela, jendeari interpelazio bat egin behar zaiola. Denok dugu eskubidea euskaraz bizitzeko, erdaldunek erdaraz bizitzeko duten eskubidea auzitan jarri gabe. Baina eskubide batek obligazioak ere badakartza.
Egoera horrek konfrontazioa dakar.
Konfrontazioa dakar, baina asmatu behar dugu konfrontazio hori kudeatzen. Alegia, bitartekoak jarri behar dira tentsio hori zama izan ez dadin euskaldunontzat. Askotan aipatzen da gutxiengo ulermen maila. Jo dezagun, hemendik hamar urtera, adin ertainetatik behera Tolosaldeko biztanleetan euskararen ia unibertsalizaziora iritsi gintezke. Horrek, euskaldunok segurtasuna izatea eragingo luke, denda batera sartu eta harreran dagoenak, gutxienez, euskaraz ulertuko duelako. Horrek tentsioa asko jaisten du.
Hala ere, eskubideekin batera, erdaldunei ikusarazi behar zaie ere zer galtzen ari diren. Ikusarazi behar diegu zein kultur sorkuntza dagoen hemen, zer galtzen ari diren. Bestela, ikusezintasun horren bigarren pausoa gutxiestea da.
Liburuaren azalera bueltatuz, aurrera doa euskara.
Nik uste aurrera badoala eta etorkizunean, zer egiten duen ikusi beharko dugu. Dena ez dago gure esku. Globalizazioak edota krisi ekonomikoak ere eragiten digu. Eragiten digun beste faktoreetako bat jaiotza-tasa da, oso gutxi aipatzen dena. Faktore asko daude euskararen esparru zehatzetik kanpo daudenak. Baina momentua da baikortasun puntu bat hartzeko, egoera zein den ahaztu eta baikortasun txoro batean erori gabe.
Ez gaude 80ko hamarkadan geunden egoera berean, hobeto gaudela denok onartzen dugula uste dut. Egoera berri horrek eskatzen duen mailako neurriak eta ardurak hartu behar ditugu orain.
EUSKARA IRABAZTEKO BIDEAN (Berria-Jakin-Elkar, 2016)
Aurkezpena: Abenduak 4, gaur, 16:30ean, Durangoko Azokako areto nagusian.