San Esteban 16tik Artekale 48ra

Erabiltzailearen aurpegia Igor Agirre 2016ko abe. 1a, 18:16

Bonberenea Ekintzaken Stand-a Durangoko Azokaren 50. edizioan.

Euskal kultur produkzioaren inguruan dabiltzan gehienentzat Durangora (Bizkaia) gerturatu beharreko egunak izan ohi dira abenduaren hasierakoak. Aurten, 51. edizioa izango du Durangoko Azokak, abenduaren 2tik 6ra. Euskal Herri osoko sortzaileek beren ekoizpenak lantzeko eskualdean aurkitzen duten Bonbereneak ere, ez du urteroko zitan kale egingo. Bonberenea Ekintzak zigilupean, Tolosako San Esteban etxeko disko, liburu eta abarrak, Durangon izango dira salgai.

Elur bolaren metaforari erreferentzia egin zioten Bonbereneako piromanoek 2002-2012 Doinuen hamarkada liburuan. Gaur egun, elur bola txiki zen hura, handituz eta handituz doa, urtetik urtera Bonberenea Ekintzak plataformaren babesean lan gehiago sortuz. Horren erakusle dira orain arte argitaratutako 80tik gora DVD, disko nahiz liburuak. 2016an, esaterako, zazpi lan berri izango dira Bonbereneako stand-ean.

10 URTE STAND PROPIOAREKIN

2002an ekin zion San Estebango etxeak bere ekoizpenak Durangoko Azokara eramateari. Badira urte batzuk, piromanoen urteurreneko ekintzen egitarauaren barnean sartzen dutela Durangoko egonaldia. Lehenengo lau urteetan zehar, Entzun! egitasmoaren erakusmahaian izan zuten bere tokia Bonbereneako disko eta liburuek. 2006. urtean baina, bere stand propioarekin agertu zen Bonberenea Ekintzak azokan. Plataformatik azaltzen dutenez, «euskal kultur produkzioaren toki erreferentziala da Durangoko Azoka eta bertan egon beharra zegoela ikusten genuen».

Bonberenea erakusleku propioarekin egon zen lehen urte hartan, Bonberenea Suffle DVDa eta Anestesia taldearen Terapia diskoa eraman ziren nobedade moduan. Oroitzapen benetan gozoak dituzte piromanoek 2006ko DVD hark izan zuen harrera gogoratzean: «DVDa zerbait berria zen garai hartan eta oso salmenta onak izan zituen Bonberenea Sufflek». Gaur egun ikus-entzunezko produktuek garai hartako arrakastarik ez dutela ere azaltzen dute plataformatik: «Orduan DVDa berritzailea zen bezala, gaur egun ez dago ikus-entzunezkoak ekoizteko formatu fisiko berritzailerik». Hala ere, urteko inbertsioetan erabilitako diruaren kopuru handi bat berreskuratzeko ere plaza egokia da Durangoko Azoka Bonberenea Ekintzakentzat, urteko inbertsioaren %40 inguru estaltzen baitute azokako salmentei esker.

SUTAN ERE URTZEN EZ DEN ELUR-BOLA

Azokan Bonberenea Ekintzak irakur daitekeela 10 urte ospatzen diren honetan, ordea, 2006an Bonberenea Sufflerekin egin bezala, gozoen usainak hartuko du Bonberenea Stand-a. Izan ere, Bonberenea Éclair izeneko DVDa ekoitzi berri dute, «Euskal Rockaren eta Bonberenearen ibilbidearen lekukotza txiki bat» utzi nahian.

Bonbereneako oholtzatik pasatako talde desberdinen irudiekin osatu da lan hori, tartean Glaukoma, Belako edo Anestesia moduko taldeak nahastuz.

Zarauzko Eraso! taldearen Kaiolatik Ihes lana da Bonberenearen erakusmahaian aurkituko den beste berrikuntzetako bat. Diskoa eta LPa osatu du oraingoan Rock talde gipuzkoarrak. Aurreko diskoa ere, Ez gara inoiz hilko izenekoa, Bonberenea Ekintzakekin atera zuen Eraso!-k. Ahotsenean izango dira diskoa aurkezten abenduaren 3an, 18:20ean.

Eskualdeko Humus taldearen Adorez lana ere estreinakoz izango da Durangoko Azokako korridoreetan. Garmendia, Manzisidor eta Tarragonak osatutako hirukoteak maiatzean aurkeztu zuten beren CD-10´´EP-a Bonberenean. Talde tolosarraren seigarren lana da Adorez eta Ahotsenean ere joko dute, abenduaren 6an, 12:20ean.

Eskualdeko musikarien eskaintzarekin jarraituz, labetik atera berri den Adi! diskoa eramango dute Bonbereneakoek azokara. Jon Urbizu saxofoi-jotzaile tolosarraren proiektu berria azaroaren 24tik aurrera dago kalean eta bost kantuz osatutako diskoa da Urbizu tolosarrak osatu duena, beste hiru musikariren babesean. Bertan parte hartu duten musikarien artean dago ere Antton Telleria bateria-jotzaile tolosarra.

Tolosaldeko musikarien ekoizpenarekin jarraituz, 2013an bere ibilbideari ekin zion Belarmiñak taldearen Haztearen izerdia lana ere Durangon izango da, Bonberenea Ekintzak karteldun erakuslekuan. Esperientziadun Iki Poliki, Eñaut Maiz, Ilargi Agirre eta Joxi Ubeda musikariek CDa eta 10´´EP-a sortu dute oraingoan. Ahotseneako agertokian ere bere lana erakutsiko du taldeak, abenduaren 3an, 12:20ean.

Aurtengo diskoen berritasunetan azkena, Bonberenea 97 Hit Erremixak izenekoa iritsiko da Durangora. Deabruak Teilatuetan taldeak 1998. urtean egindako Inauteri 98 Hit kantu ezaguna erreferentziatzat hartuz, Bonberenearekin lotura duten zortzi ekoizlek, bakoitzak bere ukitua emanez, osatu dute disko hau. Horrela, hainbat estilo desberdinetara eraldatu da Deabruak Teilatuanek egindako kantua.

Azkenik, Bonberenea Ekintzaken 2016ko uzta itxiz, Fer Apoak eta Galder Izagirrek osatutako Kamusada & Ordu erdia 51n argazki eta olerki liburua eramango du Bonberenea Ekintzakek azokara. Egia esan, bi liburu bildu dira bakarra beharrean, Kamusada izenekoa bata eta Ordu erdia 51n bestea.

Bonbereneako kideak Durangoko Azokako bere postuan egongo badira ere, etxeko musika eta ekitaldi eskaintzak ez du deskantsurik hartuko. Bi kontzertu aurreikusi dituzte azokak iraungo duen bitartean: Ostiralean, Gente Mayor eta Hyedra taldeak izango dira Bonbereneako oholtzan eta abenduaren 4an, igandean, Zu talde italiarraren bisita jasoko dute. Bonbereneako suaren berotasunean ere, handituz doa elur bola.

2016KO UZTA

Kaiolatik ihes. ERASO!
Bonb-071/CD/LP

Haztearen izerdia. BELARMIÑAK
Bonb-074/CD/10´´EP

Adi!
Bonb-076/CD

Bonberenea 97 Hit Erremixak
Bonb-077/CD

Adorez. HUMUS
Bonb-072/CD/10´´LP

Bonberenea Éclair
Bonb-075/DVD

Kamusada & Ordu erdia 51n
Bonb-078/lib-009

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!