Igandean, Espainiako gerran hildako bi gudari gipuzkoar omendu zituzten Markina-Xemeingo (Bizkaia) Barinaga auzoan. Bittor Urretabizkaia Urruzola (Tolosa, 1917) eta Timoteo Arrastoa Arozena (Altza, 1919) izan zituzten gogoan Markinaldeko frontean gertatutakoak ikertzen dituen Ahaztuen Oroimena taldeak antolatutako ekitaldian. Bi gazteen familiak eta herritar ugari gerturatu ziren omenaldira eta bi gudariei buruz orain arte bildutako albiste, dokumentu eta testigantzak plazaratu zituzten.
ARGAZKI EZAGUNEN PROTAGONISTAK
Elgoibar (Gipuzkoa) eta Markina-Xemein (Bizkaia) artean dagoen Kalamua mendian erail zituzten bi gazteak. Ahaztuen Oroimena taldeko kideen arabera, garai hartako Euzkadi egunkariko artikulu batek jasotzen duenez, ikuskapen lanetan ari zirela hil zituzten bi gipuzkoarrak. Gudari hauen heriotzaren berri, ordea, beren hileta eguneko argazkien bitartez izan dute taldekoek. Argazki horietan ikusi daiteke nola beste hainbat gudariren artean agurtu zituzten bi hilotzak andan eramanez hilerriraino.
Argazki horiek ezagunak bazituzten ere, eta kokalekua zein zen berehala argitu zuten arren, bi hildakoak nor ziren ikertzen hasi ziren Ahaztuen Oroimena taldekoak. Heriotza-agirietan erreparatuz, Urretabizkaia tolosarra eta Arrastoa altzatarra zirela konturatu ziren; beraiek baitira auzo horretan «ofizialki» hilobiratutako gudari bakarrak. Bi gazteen familiekin kontaktuan jartzea lortu ondoren, eta heriotzen 80. urteurrena zela aprobetxatuz, itxi zuten argazkien istorioaren amaiera.
'URRETABIZKAIA' KONPAINIA
Eusko Mendigoizale Batzaren lehenengo batailoiko kide ziren Urretabizkaia eta Arrastoa. Zehazki, Lenago Il izena zuen batailoi horren lehen hildako gudariak izan ziren eta euren omenez, batailoia handitzearen ondorioz sortu zen laugarren konpainiari Urretabizkaia deitu zioten.
Mendigoizale abertzaleek sortutako taldea zen Eusko Mendigoizale Batza eta Sabino Aranaren ideologiarekin bat egiten zuten bertako kideek. Kritikoak ziren EAJk autonomia estatutuarekiko zuen jarrerarekin, besteak beste, independentzia hobesten zutelako. Hori horrela, Espainiako gerra hastean, mendigoizaleak zalantzan izan ziren bertan parte hartu edo ez erabakitzeko; aldeko kide askoren ustez, gerra arrotza zen eta abertzaleei ez zegokien bertan borrokatzea. Hala eta guztiz ere, Euskal Miliziak sortu zirenean bertan parte hartzea erabaki zuten.
Militarrek kolpea jo eta frontea Tolosara gerturatu zenean, Urretabizkaia tolosarrak sorterria babesten parte hartu zuen. Tolosa, ordea, 1936ko abuztuaren 11n hartu zuten frankistek. Dirudienez, frankistek ingurua okupatzean, Urretabizkaiak alde egin behar izan zuen, frontera joateko konpromisoa hartua zuelako. Ahaztuen Oroimena taldeko kideek jaso dutenaren arabera, berarekin batera bere anaietakoren bat eta Eugenio Eizagirre Arana tolosarra ere joan ziren. Eizagirre 1936ko irailaren 25ean hil zuten Durangon. Aipatzekoa da ere, Luis Rezola Tximela tolosarra Eusko Gudarosteko lehen batailoia izan zen Loiola izenekotik Lenago il batailoira aldatu zela. Zehazki, azken batailoi horretarako Jagi izeneko konpainiako kapitaina zen Tximela.
GERTATUTAKOA AHAZTU EZ DADIN
Markinaldeko frontearen inguruko informazioa biltzeko asmoarekin sortu zen Ahaztuen Oroimena izeneko taldea 2011. urtean. Hala ere, elkarteko kide gehienak gaiaren inguruan informatzen beren kabuz hasi ziren taldea sortu aurretik eta testigantzak jasotzeari ere taldea osatu baino lehenago ekin zioten.
Elkartetik oso pozik agertu dira igandeko omenaldiak jaso zuen harreragatik. Inguruko jendearengan gaiaren inguruko kontzientzia zabaltzen ari dela uste dute, eta horrelako ekitaldiek 36ko gerran zer pasa zen ulertzen jarraitzeko balio dutela diote. Bi gazte haien familiak euren senideen historiaz oroitzeko balio izan du ekitaldiak, amaiera hura ahaztu ez dezaten. Duela 80 urte bakarrik egon ez baziren ere, oraingoan, senitartekoen eta herritarren berotasunean gogoratu dituzte bi gazte haiek.