Euskadiko Trialeko Txapelketa irabaztea da zure azken lorpena.
Bai, gustura nago emaitzarekin. Bi proba ziren, eta lehenengoan hirugarren geratu nintzen. Beraz, azkeneko proban irabazi beharra nuen txapelketan lehenengo sailkatu nahi banuen, eta horrelaxe gertatu zen. Puntu baten aldearekin, justu-justu, baina lortu nuen garaipena.
Oraingoan ere zu bakarrik zinen txapelketako neska bakarra?
Bai, ni bakarrik nintzen Euskadikoan. Euskadiko eta Gipuzkoako txapelketan ni naiz parte hartzen duen neska bakarra, eta mutilen aurka lehiatzen naiz. Hemendik kanpora, bakarrik emakumezkoen aurka aritzen naiz, eta, hasi nintzenetik hona, neska gehiago daude. Hori ona da kirolarentzako; pixkanaka-pixkanaka, gehiago gara.
Zein kategoriatan ibiltzen zara?
Euskal Herrian junior-senior mailan nabil, eta beste guztietan emakumezkoen elite mailan. Mundu mailako txapelketetan, hamasei urtetatik aurrera elite mailan zaude. Behin maila horretan zaudela, berdin-berdin lehiatzen zara adinean zaharragoak direnen aurka; hau da, hamasei urteko bat 30 urte dituen baten kategoria berean dago.
Munduko Kopan ere izan zara aurten.
Bai, bost proba izan dira guztira eta sailkapen orokorrean bosgarren amaitu dut. Munduko Txapelketan, berriz, seigarren egin dut banakako sailkapenean, eta, taldeka, bigarren sailkatzea lortu dugu.
Txapelketa hauek urtero jokatzen dira?
Bai, urtero. Hala ere, Munduko eta Europako txapelketetara joateko Espainiako Selekzioak hautatu behar zaitu; bestela, ezin duzu txapelketa horietan parte hartu. Munduko Kopan, berriz, edozeinek har dezake parte. Gu Euskadiko selekzioarekin joaten gara kopara.
Euskal Herriko txapelketetan emakume bakarra izanda eta kanpoan soilik emakumezkoen aurka lehiatuta, aurkarien mailari buruzko erreferentziak izaten dituzu?
Aurtengo Munduko Kopa baino lehenago, Frantziara joan gara lehiatzera. Gero, C1 mailako txapelketa bat egin zuten Bartzelonan, eta horra kanpoko neskak ere joan ziren. Horri esker, aurkarien maila zein den ikusi ahal izan nuen gutxi gorabehera. Gainera, azken txapelketa hori Munduko Kopako sailkapenerako puntuagarria da.
Hemendik kanpoko probetan zer aurkitu dezakezun ikustea lagungarria izango da, ezta?
Bai. Gainera, orain denboraldia amaitu berri dut, eta, berehala, denboraldi-aurrearekin hasiko naiz. Hemendik martxoraino, entrenatzen pasatzen dut denbora, eta orduan ez da erraza izaten jakitea hobetu zaren edo zein mailatan zauden.
Zenbat irauten du trialeko denboraldiak?
Gipuzkoako Txapelketa ez dakit noiz hasiko den, ez dute esan oraindik. Baina Munduko Kopa maiatzean hasten da, eta irailera arte izaten da.
Euskadikoetara baino gehiago, Munduko txapelketara begira zaude?
Bai, bai. Horri begira entrenatzen naiz batez ere, Munduko Koparako eta Munduko Txapelketarako.
Euskal Herritik kanpoko txapelketetara selekzio moduan joaten zaretela esan duzu. Lehiatzeko zein aukera dituzue horrelako txapelketetan, banaka eta taldeka?
Txapelketa guztiak banakakoak dira, baina Munduko Txapelketa bi modutan banatzen da: banakakoa eta taldekakoa. Taldekakoan, bost kategoria daude, eta kategoria bakoitzetik pertsona bat hautatzen du hautatzaileak. Hor, lau eremu jartzen dituzte kolore desberdineko geziekin. Gezi kolore bakoitzak puntuazio desberdina du, zailtasunaren arabera, eta puntu gehien lortzen duenak irabazten du. Espainiako Selekzioarekin joaten zara taldekako Munduko Txapelketara, eta ni izan naiz emakume bakarra boskote horretan.
Europan barrena bidaiatzeko aukera izan duzu txapelketa hauei esker.
Bai, herrialde desberdinak pixka bat ezagutu ditut. Aurten, adibidez, Munduko Kopa Polonian, Austrian, Belgikan eta Frantzian izan da. Europako txapelketa ere Frantzian izan da, eta Munduko Txapelketa Italian. Bidaia guztiak autoz egiten ditugu, baina, aurtengo denboraldian, Poloniara eta Austriara hegazkinez joan gara.
Zein helburu dituzu hurrengo denboraldirako?
Aurtengo helburua finaletan sartzea zen, eta lortu dut txapelketa gehienetan. Orduan, hurrengo denboraldian, ondo legoke txapelketa handietako podiumetan sartzea. Ahal dudan emaitzarik onenak lortzen saiatuko naiz, eta ea podiumetara igotzeko aukerarik dudan.
Nolakoa da zure entrenamendu plana denboraldi-aurrean?
Orain hasiko naiz denboraldi-aurrearekin, eta, aste osoan, egunero entrenatzen naiz. Gauza desberdinak egiten ditut: igeriketa, mendiko bizikletan ibili, korri egin… Elikadura ere zaindu behar izaten dut.
Zein dira zure entrenatzaileak?
Fisikorako Granadako [Espainia] entrenatzaile bat dut, eta, hemen, Hondarribiko Jon Areitio eta Gorka Susperregirekin ibiltzen naiz, baita Unai Iraolarekin ere.
Nola funtzionatzen du Tolosako trial eskolak?
Astean behin elkartzen gara entrenatzeko, eta bi-hiru talde ditugu maila desberdinetan banatuak. Trialean Unai Iraolaren laguntzaz hasi nintzen, eta, harekin batera, biok aritzen gara irakasle moduan.
Trialean ibiltzen den beste neskarik ba al duzu Tolosa inguruan?
Orain hasi gara, berriro ere, trialeko eskolarekin, eta gaztetxo asko etorri dira. Horien artean neska bat ere badabil. Oraindik probatzen ari da, baina ea kirola gustatzen zaion!
Eta, zuk, noiz eta nola erabaki zenuen trialean hasi nahi zenuela?
Bartzelonako lagun batzuk etortzen ziren Hondarribira trialean lehiatzera. Urtero joaten ginen lehiaketa ikustera, eta, urte batean, aitari esan nion kirola gustuko nuela eta bizikleta bat nahi nuela. Orduan, Bartzelonako lagunak bizikleta ekarri zidan; hamabi urte nituen orduan.
Zure ustez, zein ezaugarri behar ditu Trialeko pilotu batek?
Azkenean, jende asko hasten da kirol honetan, ikusten duzunean polita delako. Baina, gero, beste kirolekin alderatuz, kosta egiten da maila hartzen hastea, eta, horregatik, jende asko nazkatu egiten da, eta utzi egiten dute. Baina gogoa baldin baduzu, lortzen duzu. Beharrezkoa hori dela esango nuke: gogoa.