"Honelako lan aukerarik ez dago Euskal Herrian"

Erabiltzailearen aurpegia Igor Agirre 2014ko aza. 9a, 12:30

Espazioan zehar bueltaka dabiltzan sateliteak kontrolatzen ditu bere egunerokotasunean Ander Martinez de Albeniz-ek (Tolosa, 1985). GMV enpresaren bitartez Europako Espazio Agentziako (European Space Agency, ESA) kontrol zentroan egiten du lan berak, Alemanian. Historian lehen aldiz kometa baten inguruan orbitatu duen satelitearen kontrol lanetan dabil orain eta asteazkenean bertan lur hartzen saiatuko da espazio-zundahau.

Alemanian zaude lanean.

Bai hala da. Europako Espazio Agentzian nago lanean duela bi urtetik hona.

Nola moldatu zara hizkuntza arrotzean lan egitera?

Hizkuntza ez zait arrotza egin lan egiterako orduan, Europako agentzian ingelesez egiten baitugu lan.

Inguruko jendea baduzu aldamenean lanean?

Bai, agentzian Aretxabaletako mutil bat eta Bilboko neska bat ere badaude lanean. Ez naiz euskaldun bakarra.

Agentzia bakarra al dago Europan?

Ez, herrialde batzuek beraien baitan honelako agentziak dituzte. Hala ere, agentzia horiek ezin dituzte honelako planetarteko misiorik bidali eta horretarako elkartu ziren 60ko hamarkadan Europako herrialde batzuk. Honela da posible mota honetako misio potoloak bidaltzea.

Nola hasi zinen espazioaren kontu hauekin?

Ingeniaritza aeronautikoa ikasi nuen nik Madrilen eta gero, Ingalaterran, aerodinamika master bat egin nuen. Ingeniaritza aeronautikoaren barnean espazioko gaiak jorratzen zituzten materiak bazeuden. Ikasketak amaitu nituenean lan bila hasi nintzen Euskal Herrian eta ez zegoen lan aukera handirik. Lagun baten bidez lanean nabilen enpresa honen lan eskaintza bat ikusi nuen: ingeniariak behar zituzten hona etortzeko, Europako Agentziako kontrol zentrora. Elkarrizketa egin nuen eta aukeratu ninduten.

Ikasten hasi zinenean espazioarekin lotutako zerbaitetan lana egingo zenuela pentsatzen zenuen?

Ez gehiegi. Ingeniaritza aeronautikoa ikasten nengoenean, karreran zehar, espazioaren inguruko ikasgaiak bageneuzkan baina ez dago industria handirik gai honen inguruan. Ilusio asko egiten didan gaia da hau baina ez nuen pentsatzen horren baitan lanean amaituko nuenik.

Betidanik gustatu zaizu mundu hau.

Ikasi nuena, besteak beste, horregatik aukeratu nuen. Hala ere industria munduan amaituko nuela pentsatzen nuen beti, zorte handia izan dut egia esan.

Zenbat pertsona zaudete bertan lanean?

Nire enpresan pertsona asko gaude. Baina, hala ere, hemen, enpresa ezberdinetako langileak gaude eta Europako Espazio Agentziako pertsonal propioa ere badago. Horiek guztiak kontuan izanda, eta 600 edo 700 bat langile gauden arren, kontrolean ibiltzen garenak gutxiago gara. Misio bakoitzak 50 bat pertsona ditu bere inguruan lanean eta gero beste nolabaiteko zerbitzuak eskaintzen dituen pertsonala dago, antenak kontrolatzea, adibidez.

Zuen enpresa agentziaren barruan kokatua dago orduan.

Bai, %30a agentziako langile propioa. Gainontzekoak, Europako enpresa desberdinetako langile azpikontratatuak dira.

Agentziaren barruan zein funtzio duzu?

Agentziaren barnean fly dinamics izeneko departamentuaren barruan lan egiten dut nik. Euskaraz, «hegaldiko dinamika» litzateke agentziaren baitako sail honen izena eta departamentu honen baitako planetarteko misioen sailean nago. Honek esan nahi du, nire taldeak bidaltzen dizkiela maniobratarako instrukzioak Europako Espazio Agentziako planetarteko misioei, besteak beste, Rosetta eta Gaia sateliteei.

Erantzukizun handia du zure postuak?

Erantzukizun pixka bat badut baina ez sekulakoa. Azken finean, sistema, baten bat gaixo jarri ezkero beste batek bere lana egin ahal izateko osatuta dago. Noizbehinka, satelite bati instrukzio batzuk bidaltzea tokatzen zaigunean, momentu horretan bidaltzen ez badizkiozu atzerapenak sortu litezke misioan eta horrek badu erantzukizuna. Baina ardura kritikoa ez dugu beti guk, soilik batzuetan.

Espazioa eta sateliteen kontu hau oso urrutitik ikusten dugu gure egunerokotik. Satelite hauek zein garrantzia dute gure egunerokotasunean?

Ni zientzia sateliteekin nabil lanean. Hauen eginkizuna eguzki sistemako egitura eta jatorria ezagutzea da. Ikerketa hauen emaitzek beraien garrantzia badute eta batzuetan aplikazio normalagoak ere badituzte. Askotan ere, lortzen dituzten emaitza zientifikoengatik bakarrik ez, sateliteek eurek erabiltzen duten teknologia da aplikagarria beste gauzetarako.

Eguzki sistema ikertzen duzue baina zure eginkizuna ez da ikerlanean oinarritzen.

Nik ez dut zerikusirik ikerketa horietan, satelitearen nabigazioan dut zerikusia nik. Satelitearen instrumentu desberdinak behar diren lekura zuzentzea eta sateliteei bere orbitan mantendu ahal izateko beharrezko maniobrak egitea dira gure eginkizunak. Badakigu satelitea zertan ari den eta zientzialariekin nolabaiteko interakzioa badaukagu baina ez daukagu inongo kontrolik honen gainean.

Satelitea espaziora bidaltzen denean zuek zer egiten duzue, satelitea bidali ala orbitan dagoenean hartzen duzue bere kontrola?

Agentziak berak misioak antolatzen ditu eta azken finean, agentzia, Europak duen instrumentu bat da bere industria aeroespazialari lana emateko. Industria aeroespazial honen barnean daude kohete-jaurtigailu edo sateliteak egiten dituzten enpresak. Normalean, Europako enpresa bat kontratatzen da satelitea jaurtitzeko eta beste bat hau eraikitzeko. Guk satelitearen kontrola hau eraikita eta jaurtita dagoen momentuan hartzen dugu. Orduan, satelitea jaurti eta pare bat orduetara satelitea jaurti duten enpresakoek egiten dute lehen kontrola. Lehen kontrol hori egin ostean eta pare bat ordu beranduago, satelitearen kontrola Alemaniako kontrol zentro honetara transferitzen dute. Orduan hartzen dugu lehen aldiz satelitearen kontrola. Hemen, sistemaren kalibrazio operazioak egiten ditugu eta gero, eguneroko operazio normalak. Satelitea dagoeneko jaurtita dagoenean sartzen gara gu prozesuan.

Espazioan non daude banatuta zuen kontrolpean dauden satelite horiek?

Agentziak dauzkan satelite batzuk Lurra aztertzen dute eta horiek Lurraren inguruan dabiltza bueltaka. Ni lanean ari naizen saila, ordea, planetarteko misioa da eta sateliteak lurretik kanpo daude. Venus Express satelitea adibidez Venusen dago eta Mars Express Marten. Orain albistegietan asko agertzen ari den misioa Rosetta satelitearena da.

Berezia da aipatu duzun azken misio hau ezta?

Bai. Orain arte eduki dugun misio esanguratsuena da hau. Rosetta izeneko satelitea kometa baten inguruan bueltaka dabil oraintxe eta hamar urte behar izan ditu bertara iristeko. Datorren asteazkenean satelitearen zati bat banandu egingo da eta kometan lur hartzen saiatuko da.

Zerk egiten du berezia orduan?

Kometa oso txikia da eta forma zeharo aldrebesa dauka, nolabait oso irregularra da. Kometaren gehiengoa izotza da eta kometa eguzkira gerturatu ahala lurruntzen joaten da izotz horren zati bat. Gas guzti horrek sateliteari eragiten dio, gas txorrotada bat botatzen du kometak espaziora eta honek satelitea gurutzatzen du. Faktore guzti hauek ingurune berezia eta nabigatzeko zaila bilakatzen du kometa.

Gas hauek satelitearengan izan dezaketen eragina ezagutzen duzue ala momentuan momentukoa izango da?

Nabigazioarekin zerikusia duten kontuak gutxi gorabehera kontrolatzen ditugu, nabigazioan izan daitezkeenak aurreikusteko modelo batzuk baititugu. Azkenean, atmosfera kometario horren modelo bat dugu eta horrek esaten digu gutxi gorabehera zein indar egingo duen gasak kometaren gain. Honetaz gain, badauzkagu beste modelo batzuk kometaren grabitatea eta abar simulatzeko. Azken finean, gure lanaren parte indar guzti hauen eragina Rosettaren norabidearengan estimatzea da.

Zerk asebetetzen zaitu zure eguneroko lanetik?

Ia-ia egunero zerbait berria ikasten gabiltza eta nire ustez erronka bat da hau. Erronka hori esfortzuaren bidez gutxika gainditzea sari bat da niretzat.

Zein da esku artean duzuen hurrengo balizko misioa?

Gure lanaren parte bat misioen kontrola da baina datozen misioetarako prestatzea ere bada gure lana. Niri egokitu zaidan beste misioetako bat Merkuriora joango den misio bat da. Misio hori jaurtiko da 2016. urteko udan edo 2017. urteko neguan. Egia esan, nire lanaren erdia da misio berri honetarako prestatzea.

Satelitea merkuriora iritsi arte urte mordoa pasako dira.

2016 edo 2017 urteetan bidali ezkero 2023 inguruan iritsiko da bertara. Zortzi bat urte behar ditu Lurretik hara iristeko.

Honelako proiektu luzeetan beste batzuen lanari jarraipena ematen diozue orduan.

Bai, ni duela bi urtetik nabil hemen lanean eta Rosetta 2004ean jaurti zen. Niri egokitu zait Rosettaren misioaren azken zati honetan parte hartzea. Azkenean, misioek bizi ziklo nahiko luzea dute.

Eguneroko lana planifikatzen duzue ala ez duzue inoiz jakiten zer gertatu daitekeen?

Ez, ez. Misioek nolabaiteko egitarau bat dute eta dezente planifikatzen dira. Egitarau horretan orduro zer egin behar den definituta dago eta horretaz gain prest egon behar gara larrialdietarako. Emergentziak oso gutxitan gertatzen dira baina erroreren bat egon ezkero satelitea errekuperatu behar delako.

Ikusten duzu posible oraindik ez dakigun zerbaiten inguruko nobedaderen bat azaltzea misio hauetan?

Misio bakoitzak bere helburuak dauzka. Rosettaren kasuan, zientzialariek diote kometak eguzki sistema sortu zeneko materiarekin osatuta daudela eta honela jakin genezake eguzki sistema sortu aurretik zer nolako materia zegoen espazioan zehar flotatzen. Honek teoria batzuk berresteko balio du. Merkurioren kasuan, aztertu nahi den gauzetako bat da planeta horren kanpo magnetikoa. Azken batean Merkuriok kanpo magnetiko bat dauka planeta guztiek ez bezalaxe. Orduan, hau aztertzeak jakitea zein baldintzatan sortzen den kanpo hori ahalbidetzen du ondoren lurreko magnetismoa hobeto ulertzeko. Azkenean, Lurreko kanpo magnetikoa garrantzitsua da lurra eguzkiaren irradiozitik babesteko.

Lurretik urrutien duzuen misioa zein da momentu honetan?

Rosetta da. Milioika kilometrotara dago momentu honetan, Marte baina urrutixeago. Eguzkitik urrutien egon den momentuan, ia Jupiterren egon da satelitea.

Zure lana ez da ohikoena ofizioen artean baina hala ere, nola egiten da lan Alemanian?

Lan aldetik Alemania ez da horren desberdina Euskal Herriarekiko. Hala ere, lan baldintzak, ingeniarientzako behintzat, askoz hobeak direla esango nuke.

Zein industriatan lan egin duzu hemen lanean hasi aurretik? Mundu honetan ez nintzen ibili, Indar enpresan bekadun moduan ibilia nintzen hemen hasi aurretik.

Nola moldatu zara beste herrialde batera?

Hemen, egia esan, etorkin pilo bat dago. Agentzian bertan langileen gehiengoa ere kanpotarra da eta euskaldun pare bat ere bagara. Hasieran batak besteari laguntzen genion eta horretan jarraitzen dugu oraindik ere. Honetaz gain, alemaniarrak oso irekiak dira eta nahiko jatorrak atzerritarrekiko. Alde honetatik ez dago arazorik.

Non bizi zara?

Hasiera batean lagun baten etxean egon nintzen bizitzen pisua aurkitu bitartean. Ondoren, alemaniar batzuekin bizitzen egon nintzen beste etxe batean eta duela urtebete etxez aldatu eta madrildar batekin batera bizi naiz orain. Hemen, azkenean, pisua partekatuz bizi naiz.

Hor geratzeko asmoa duzu edo Euskal Herrian lana aurkitu ezkero bueltatzeko asmoa duzu?

Datozen urteetan ez daukat lanez aldatzeko intentziorik behintzat. Honelako aukerarik ez dut ikusten ez Euskal Herrian, ezta Europako beste edozein lekutan. Orduan, hemen geratzeko intentzioa daukat.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!