Isilik askoz politago gaude

Erabiltzailearen aurpegia Igone Saldias 2015eko uztailaren 12a

Ekainaren 21an Donostian oso gustura elkartu ginen gurea den erabakitzeko eskubidearen alde erreibindikatzeko. Behin eta berriz esaten ari gara politikan gizarte aktiboago bat behar dugula, hainbat bidegabekeriei aurre egiteko kalera atera behar dugula, geu garela etorkizunean nahi dugun gizartearen sortzaileak. Eta egia da, jendea hau guztiaz ohartzen ari da eta gero eta kontzienteago gara herritarren ahotsa entzun behar dela.

Ba ez, gaia ez da hain positiboa zoritxarrez. Hilaren 1ean «Mozal Legea» onartu da eta horrek errebindikazio fenomenoa hankaz gora jarri du. Ez dago kritiketatik salbu: konstituzio kontrako helegitea tarteratua dago jada, Nazio Batuen Erakundeak Espainiari jakinarazi dio oinarrizko eskubideak urratzen dituela eta bertan behera utz dezala, manifestazio ugari egin dira bere kontra…

Baina, zer dakar zehazki lege honek? Zertan eragingo digu? Gehienbat adierazpen askatasuna da mehatxatzen dena. Manifestazio aukerak asko murrizten dira —protestak debekatzeko aukerak handiak dira—; poliziaren gain indar gehiago geratzen da, epailearen aurrera joan beharrik izan gabe poliziak isuna ezarri ahal izango du eta isun oso altuez ari gara; instituzio publikoen aurrean protesta egiteko aukerarik ez da egongo, ezta paretetan protesta kartelak jartzeko ere —Greenpeace-i zuzenki lotutako oztopoa—; etorkinen kasuan Ceuta eta Melillan orain arte legez kontrakoak ziren berehalako kanporatzeak legeztatzen ditu eta horrelako beste hainbat ekarpen egiten ditu.

Beraz, helburua oso garbia da, gu isilik mantentzea. Lege hau PPren botoekin bakarrik onartua izan da. Espero dezagun Europako presioak, Auzitegi Konstituzionalak eta datorren hauteskundeetako emaitzek lege honen indargabetzea ekartzea. Bitarte horretan, ea beronen aplikazioak haiek nahi baino emaitza txarragoak ematen dituen.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!