Burujabetza borroka hau erabat konpartitu arren, motz samar geratzen ez ote garen ari beldur naiz. Euskal Autonomia Erkidegoari dagokionean, %95 inguru kanpotik datozen elikagaien menpeko gara. Baina gainontzeko %5ean ere, ezin ahaztu, EAEn sortzen dugun elikagaia merkataritza sistema liberal eta globalizatuaren politiken menpekoa dela, nekazaritza eta abeltzaintza intentsiboen jarraitzaile alegia (diru publikoa horretara bideratzen baita).
Azken urteetan nekazari eta landa lurrak babestu beharrean eraikuntza eta industrian itsutu gara. Bazirudien hormigoiak emango zigula jaten! Martxan jarritako politika eta kontsumo ereduari esker, nekazari eta abeltzain txikien biziraupena ia ezinezkoa da. Kanpotik ekarri behar ditugu gure elikagaiak eta hau eragin lokalaz harago doa, herrialde txiroek beraientzat balia ezin ditzaketen elikagaiak geureganatzen ari baikara, nola ez, guk inposatutako ekoizte modua eta baldintzetan.
Guzti honekin, elikagai eta errekurtso naturalen horrenbesteko menpekotasuna duen Euskal Herri independente bat nahi ote dugun galdetzen dut; baserri, nekazari eta abeltzainik gabeko Euskal Herri bat hain zuzen. Nekez da subirano, bere elikadura sortzeko gai ez den eta honen inguruko politiketan erabaki ezin dezakeen estatu bat. Horregatik, subiranotasun politikoa lortzeko borrokatzeaz gain, gure etorkizuna benetan bermatuko duen elikadura, nekazaritza, landa eremua… errebindikatzeko garaia da. Geure eguneroko ogia duina izan dadin, ekin diezaiogun trantsizio mugimendu berri bati!