Egungo mundua Big Brother orojakile batek, bizi dugun sistemak, eskuetan darabilen jolasa besterik ez dela idatzi zuen autore ingelesak. Askoren ustetan, gurean gertatzen ari den botereak maneiatutako informazio-manipulazioaren aurreikuspena izan zen.
Bestalde, Aldous Huxleyk ironiaz 1932an idatzitako Bai mundu berrian, gizarteak onartutako soma izeneko drogari esker, bakean oinarritutako gizarte zoriontsua deskribatu zuen. Droga kimiko honek pertsonak baretzen zituen. Xedea lortu bai, baina bidean nortasuna eta gizatasuna, familia, kultura eta artea, hausnarketa eta kritikotasuna galtzen ditu gizarteak. Apatia, pasibotasuna, arduragabekeria, eta, nola ez, egotismoa oinarrian dituen bizimodua kontatu zuen.
Bata zein bestearen istorio fikzionatuek egungo errealitatea definitu izan dutela adierazi da maiz. Orwell vs/+ Huxley = Gaur egun. Latza da esaten ari garena. Manipulatzailearen indarraz ari da bata, manipulatua izatearen onarpenaz bigarrena (lehenagokoa izan arren).
Azken hilabeteetan gertatutako hamaika berri zein baino zein garratzagoak han eta hemen dabiltza bolo-bolo. Injustizia demasekoak, jazarpen onartezinak, botere totalitarioen erakustaldiak… Zer demontre ari da gertatzen? Astean bitan gutxienez oka egiteko gogoa probokatzen diguten notiziak jasotzen ditugu. Hala, protestaren bat tarteko, hurrengo egunean berdin-berdin goaz lanera. Aurrera darraigu. Bada gaur ere zer egin, zer bultzatu, zertaz kexatu, zertan borrokatu… Bada nora joan, non egon, nola jokatu, zer esan… Bada gaur ere berriz, hori guztia. Abiadura honetan, atzo hain garrantzitsua zen hura ez al zaigu baina, gogoz kontran bada ere, ahazten?
Big Brotherraren manipulazioak ba al du hemen tokirik? Ez al gara berri/gertakari zaparradarekin soma efektua pairatzen ari?
Ez dakit zer nolako gizartea eraikitzen ari garen gaurkotasunari eta abiadurari begiak itsatsita bizi garen honetan. Itsatsita bai, ixteko eta irekitzeko tarterik hartu gabe. Atzoko akatsetatik ikastea atzendu zaigula uste dut; aspertzea, denbora tarteak hartu eta nia eta gua zer diren entzutea ahantzi zaigula. Orojakilea horretan lanean ari dela. Halere, bi hilabeteotan barrura begiratzeko tartea hartu nahi eta gizarteari erantzun ezinik ibili naizela konturatu naiz, eta aldi berean, errudun ere sentitu naizela. Posible al da gurpil zoro hau geratzea? Nora garamatza bizitza anfetaminiko honek? Nola erantzun estresaren aroari?
Mundua erotu zaigula pentsatzen dut sarritan, baita belaunaldi askok gauza bera pentsatu izango dutela ere. Orain eta hemen bi ideia soil bururatzen zaizkit. Bata, naturarekin harremana sendotu beharra daukadala. Bestea, soluziorik ez badaukat ere, gaiak kaferen bat edo beste hartzeko balioko didala. Izan bitez biak eguzkitan.