Antzerkia, oholtza gainean ikusten den artelana baino askoz ere gehiago da. Mundu bat. Bakarkako lanketatik hasi eta taldearen eraikuntza xede duena. Hori gutxi ez eta publiko zabal eta ezezagunarekin konpartitzerainoko esperientzia. Eta, batez ere, nola ez, bizi garen garaiaren ispilu gardena. Hori guztia da teatroa.
Gaur, eta bereziki gaur, ez natorkizu berriz ere, besterik gabe, antzerkiaz mintzatzera. Datorren martxoaren 27an, asteartearekin, Antzerkiaren Nazioarteko Eguna ospatuko dela esatera baizik, eta euskaradun antzerkizaleok bi zita garrantzitsu izango ditugula gogoraraztera, interesa duenarentzat.
Bata, Victoria Eugenia antzoki kuttunean izango da. Tolosar bik, Mami Lebrun lanari esker, Donostia saria jasoko dute. Xake produkzioko beren ekipo itzel osoari zorionak eta bejondeizuela, kuadrilla! Bigarren hitzordua sare sozialen bidez laster jasoko dugun urteko mezuarekin izango dugu. Urtero, munduan zehar antzerkigintzan diharduen artista batek mezu bat idazten du zaleen artera helarazteko. Militantziaz eta bokazioz, itzultzaileek mezua nahi adina hizkuntzetara itzultzen dute; noski, baita euskarara ere. Idazleek koiunturarekin bat datozen ideiak pasioz eta kritikaz adierazi ohi dituzte, antzerkiaren helburu nagusietako bat nabarmenduz: gizartearekiko inplikazioa. Gizartea esnatzeko, pizteko, eraldatzeko tresna baita antzerkia. Fantasia gehiago ala gutxiagorekin, fikzioa bai baina egia handiak esanaz, gizartearen kezkak ikusleari eskaintzen baitizkio antzerkiak. Egunez egun, lehen emakumeak eta gizonak sortu zirenetik gaurdaino, antzerkia uneko gizartearen isla izan baita. Itxuraldatuko ditu egiak teatroak, baina, zu, ikusle, adizu, esaten ari garen hau zure inguruaren erradiografia bat besterik ez da!
Isabelle Huppert, Anatoli Vassiliev, Krzysztof Warlikowki, Brett Bailey, Dario Fo, John Malkovich, Jessica A. Kaahwa, Dame Judi Dench, Augusto Boal eta Robert Lepage izan dira azken hamar urteotako mezuen egileak. Denek azpimarratu dute antzerkiaren garrantzia eta beharra gizartean. Zinemak, literaturak, gurean bertsoak eta, nola ez, futbol malapartatuak, masa mardulagoak erakartzen ditu antzerkiak baino. Haatik, antzerkiak badu bere eremu propio oso ahaltsu bat, publikoan egindakoa baina intimoa dena aldi berean, eta batzuetan lozorroan egonagatik ere, bizirik dirau antzerkiak, hemen eta baita munduaren ipurdian ere.
Esanak esan, aurtengoak ere emango du zeresana, ziur, bizi dugun garai historiko nahasia kontuan hartuta; antzerkiak ikuslea zirika baitezake, ikusleek mundua. Hitzordua egina daukagu. Hausnarketa eta festa faltako ez diren martxoaren 27an, goza dezagun antzerkiaz!