Morbo bilauetik haratago, gordinkeria itogarria edota asfixia bezala definituko nituzke aipatu irudiak, horretarako ahotsik geratuko balitzait. Aspaldi salatu ziren gertakari odoltiak. Kexa, zurrumurru eta usteak bolo-bolo zebiltzan tertulia frogagabeetan. Halere, nola bada, nork bada, inork ez du Libian arnas erritmorik ere aldatu egoeraren aurrean oraindik.
Laminen aurpegia ikusi dut irudi horietan guztietan. Amak, Sahara hegoaldean lau hilabetetik gora zeramatzan bere semearen deiaren zain. Ondoan izan zuen senarraren lehenengo emaztea ere, hau seme Ousmanen ahotsaren zain. Mutikoen hirugarren anaia batek kontatu zidan berria. Telefonoz. Nire etxean goxo-goxo 4.500 kilometrotara nengoela.
Iritsi zen Libiatik ahots esperatua. Ousman zen. Bera ondo zegoela baina bidean Lamin anaia galdu eta esku txarretan eroria zela adierazi omen zien senideei. Nire lagunari, hirugarren anaiari, horrek zer esan nahi zuen galdetu nion nik inozenteki, eta gizon gaiztoek harrapatu zutela jaso nuen bueltan erantzuna. Atzeko bidea hartzeak back way deitzen diote eurek Europarako bidea hartzeari arriskuak dakartzala badakitela, baina duten bizimoduaren ondoan, gauza gutxi dutela galtzeko azpimarratu zidan beste behin. Gu baino teknologia eta baliabide urriagoekin badakite Saharaz hegoaldeko herritarrek euren patu beltza zein izan daitekeen, bihotza minez isilpean urtuko bazaie ere, eurei eta etxekoei. Ostera, bizi-kalitatea, Italia-Europa, eta batez ere duintasuna, ei dute irabazteko.
Laminen irribarrea dakarkidate irudi horiek guztiek burura. Nire beldur-minek eta bihotz-urtzeek beste kolore apalagoa duten arren, senitartekoen atsekabe neurrigabearen ondoan sentitu naiz ahul, ikarati, anker eta berekoi aldi berean. Hauts. Imintziorik gabeko azal mintzula. Munduak esperientziatik ikasiko balu… Baina ez, diruak akabatzen gaitu, gu eta haiek, haiek eta gu.
Laminen irribarrea berriz ikusteagatik zer eta zenbat ordainduko (ge)nukeen galdetu diot neure buru zuriari amorruz begiak blaituta.