50ak historia soil bihur ez daitezen

Erabiltzailearen aurpegia Idoia Gereñu 2017ko urr. 8a, 09:54

Zenbat ume pasa ote da bertatik. Ume zein nerabe. Hauekin batera, zenbat guraso, langile, eragile eta saltsero. Zenbat ote dira jendeak gordetako esperientziak, gertaerak, pasadizoak eta bitxikeriak. Kontakizunez, sentipenez, mimoz, malenkoniaz, eta nola ez, itxaropenez betetakoa da ikastolaren egunerokoa, ikastolaren historia.

Eskualdeko historiaren zatitxo bat idatzi eta jende askoren historia bete duen ikastola. Aurten, 50. urteurrena ospatzen ari den Laskorain ikastola.

Euskara ardatz, beti. Ikastola, hizkuntza eta kulturarekiko atxikimenduak bultzatuta, euskaldun hazi, hezi eta bizi daitekeela sinetsita, jo eta su, egun zein gau, han eta hemen, lanean aritu den jende andanaren mamitutako ametsa da. Ikastola, Euskaraz Bizi proiektuaren eta Argitxo iratxoaren laguntzaz, Tolosa askoz euskaldunagoaren eraikuntzan zutabeetako bat da. Egungo Laskorain ikastola, lana euskaraz, fin eta ilusioz egin izanaren emaitza da.

Izan bedi ikasbide, izan bedi omenaldi. Atzera begira jartzeak, identitate eta nortasunaren garapenean, bidera dezala herritarra egiten ari garen ibilbidearen mapa marraztera. Egungo ikasleek ikas bezate iraganetik, baina eta aldi berean, izan bitez orainaldiko festaren protagonista. Urteurrenaren harira egunotan ospatzen ari diren eta etortzekoak diren ekintza ezberdinetako parte hartzea izan bedi, lanean aritu eta aritzen diren horien guztien errekonozimendua. Urriaren 28rako antolatu den jaialdiak nola ikasle ohien elkarretaratzeak piztu eta berpiztu ditzala begiradak, irribarreak eta kidetasunak.

Etorkizunerantz, gazte. Egindakoak eginda eta burututakoak burututa, Sakramentinoetako eraikin moldatu-modernoa da azken berrikuntza. Ildo horretan eta hazteko, hezteko zein bizitzeko modu berritzaileak xede hartuta, gaur bertako belaunaldia eta etortzekoak direnak ernal ditzala ikastolak. Aurreko eraikin ezberdinen testigua hartuta, bizikidetza oinarrian eta maitasunez, sasoiko eremu euskalduna bermatzen jarrai dezala. Eta hala, egiteko zerrenda amaigabean eta gaztetasunaren iturritik, heda beza giza jakintzaren, laguntasunaren eta bizipozaren sekretua. 50ak historia soil bihur ez daitezen. Laskorain ikastola hurrengo askoren historia gogoangarria ere izan dadin.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!