Egizu dantzan!

Erabiltzailearen aurpegia Idoia Gereñu 2017ko ekainaren 23a

Orri zuriaren parean jarri eta dantza nola gorputz mugimendu bidez komunikatzearen gaitasunak, adierazpideak eta emozio sentsazioek harrapatu nautenez azken astean, azken asteetan, gorputz hizkuntza dakart zuregana gaurkoan, irakurle.

Donibane jai bezperetan han eta hemengo Tolosako dantzariek zezen plazan, Leidorren nola Euskal Herri plazan ikuskizun hunkigarriak eskaini baitizkigute. Joan den asteburuak eman baitzuen beretik eta irradan aritu baikinen kuadrilla artean, jo ta su, nekatu arte. Eskola urtea amaitzearekin batera, udako egunak kontzertu, jaialdi, herriko jai eta musikaz beteriko ekitaldiak bata bestearen atzetik baitatozkigu, gerri buelta astintzeko proposamenarekin.

Gorputza bere kabuz mintzo ohi zaigu. Kontzienteki batzutan, gu ohartu gabe besteetan. Gorputz mugimendu bakoitzak, esku, beso, begirada edota ibilerak, gutako bakoitza definitzen du. Gorputz mugiera ezak, bestalde, hizketaldietako isiluneek adina esaten dute. Asko erran ere. Gorputza garenaren ispilu da. Dantza, berriz, gorputzaren ahotsa.

Soinarekin olgetan aritzea, keinuekin solastea, horixe da dantza. Gorputz adarren laguntzaz amestea. Izerditu bitartean hegan egitea. Gorputz poesia sortzea. Norbere estiloan, koreografia propioak ernatzea. Dantza, giza espeziea gizakia denetik gorputzarekin komunikatzeko modua da. Sabeleko kezka ilunenak, dantzak askatzen ditu. Barne erraiak aditzera emateaz aparte, norbanakoon energiak kudeatzeko, dibertsiorako eta erlazionatzeko modu bikaina da. Kultura eta garai ezberdin guztietako ezaugarri. Baita gurekoa ere, batzuek enbor sustraitu harrizko jarrera hartzen badute ere. (Barka minduta sentitutakoak…)

Festa giroan murgilduta, egin dezagun ba, dantzan! Erritmoaren malabaristak, errespetuz eta askatasunez beti ere, arnastu bizipoza! Umore ona astinduz, alaitu bihotzak eta libratu barne frustrazioak, beldurrak eta lotsak. Akelarrearen, Bordon dantzaren, bluesaren, erromeriaren edota DJaren konpasera. Lagunekin, bizilagunarekin, profesional, zaletu edota inprobisatzaileekin. Gustura sentitzen zaren horrekin, gaitz askoren kontran, egizu dantzan! Ikerketa zientifiko ugarik dioten lez, dantza osasuna baita!

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!